Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Ertzaintzak 20 urteko gizonezko bat atxilotu du Gasteizen, goizaldean emakume bati sexu eraso bat egitea egotzita.
Jaurlaritzaren arabera, atxilotuak taberna batean ezagutu zuen emakumea, eta bere burua eskaini zion etxeraino laguntzeko. Gizonak atarira iristean eraso zion, eta ordu batzuk geroago atzeman zuten. Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da oraindik.
Gorka Urtaran Gasteizko alkateak erasoa gaitzetsi du, eta babesa adierazi dio emakumezkoari. Udaleko Bozeramaileen Batzordea gaur arratsaldean batzartu da, eta babesa eta udalaren baliabideak eskaini dizkio andreari. Larunbaterako, bost minutuko elkarretaratzera deitu du; 18:00etan jarri du ordua, Plaza Berrian.
Bestalde, Donostian beste gizonezko bat atzeman zuten atzo, emakume bati sexu abusuak egitea egotzita. 15:00ak aldera, Donostiako etxebizitza batetik abisua jaso zuen Ertzaintzak; jakinarazi zioten gizonezko bat atxikia zutela, emakume bati ukituak egin eta gero. Hara joan ostean, atxilo eraman zuten gizona.