Indarkeria matxista

Gizonezko bat atxilotu dute Getxon, bikotekideari erasotzea egotzita

Gasteizen beste gizon bat atzeman du Udaltzaingoak, bikotekidea jotzea leporatuta.

Indarkeria matxista salatzeko protesta bat, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
2018ko abuztuaren 31
13:19
Entzun

Indarkeria matxista delitu bat leporatuta atxilotu dute, Getxon (Bizkaia), 38 urteko gizonezko bat; epailearen esku geratuko da gaur. Getxoko Udalak ohar batean jakinarazi duenez, goizaldean dei bat jaso du Udaltzaingoak, ohartaraziz gizon bat bere bikotekide den emakumeari erasotzen ari zitzaiola. Urdulizko ospitalean artatu dute 30 urteko emakumezkoa, eta, alta eman ondoren, salaketa jarri du polizi etxean. Erasoa gaitzetsi du Keltse Eiguren Getxoko Berdintasun zinegotziak, esanez indarkeria sexista oro "giza eskubideen urraketa larria" dela.

Gasteizen ere beste eraso bat izan da gauerdian: 26 urteko gizon bat atzeman dute bikotekideari "masaileko gogor bat" ematea leporatuta. Lekuko batzuek abisatu diete udaltzainei, gizon batek andrazko bati eraso egin diola kalean. Bertaratu direnean, ordea, gizonezkoak zein emakumezkoak gezurtatu egin dute erasoa. Lekukoen testigantzei esker eta andreak aurpegian zituen markak ikusita, atxilotu egin dute gizonezkoa; halere, bikotekideak ez du salaketarik jarri nahi izan. Atxilotua epailearen aurrera eraman dute gaur goizean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.