Gizonezko bat atxilotu dute, iloba erretzeko mehatxua egitea egotzita

Bilbon 18 urteko gizon gazte bat atzeman dute udaltzainek, pisukidea sastakatu eta hura erretzen saiatu delakoan

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Ertzainek 31 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo; ilobari su emango ziola mehatxu egitea egotzi diote. Ordizian (Gipuzkoa) gertatu zen. Atxilotuaren senideek dei egin zieten ertzainei; etxe barruan giltzapetu eta senideren baten kontra gasolina erabiliko zuela mehatxu egiten ari zela salatu zuten. Ertzainak bertaratu ziren, eta atea behera bota zuten. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak adierazi duenez, une horretan poliziei ere gasolina botatzen saiatu zen gizona, eta pitbull arrazako txakur bat xaxatu zuen haien kontra. Ertzainek atxilotu egin zuten azkenean. Ordurako iloba gasolinaz busti zuen atxilotuak, eta lekuko bat labanaz zauritu. Arrebari ere eraso zion, ukabilekin eta hankekin jota, Ertzaintzaren arabera. Iloba, lekukoa eta arreba, hirurak artatu zituzten osasun zerbitzuek.

Herrizaingo Sailak adierazitakoaren arabera, akusatutako gizona 32 alditan atxilotu dute, eta 30 alditan espetxeratu. Lapurretak, mehatxuak eta autoritate publikoari erasotzea leporatu izan diote, besteak beste, orain arteko atxiloketetan.

Bilbon, berriz, 18 urteko gizonezko bat atxilotu dute; pisukideari labankada bat eman eta, disolbatzailearekin blaitu ondoren, su ematen saiatzea egotzi diote. Joan den larunbatean gertatu zen, elkarrekin bizi ziren pisuan. Usteko erasotzailea igande goizaldean atxilotu zuten udaltzainek. Ustez erasorako erabilitako labana, berriz, Hurtado Ametzaga kaleko edukiontzi batean aurkitu zutela azaldu du Udaltzaingoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.