Udaltzaingoak 39 urteko gizonezko bat atxilotu du Trapagaranen (Bizkaia), neska lagun ohia autoaren maletategian lotuta zeramala. Emakumezkoak ubelduak zeuzkan gorputzean, eta harengandik urruntzeko agindua zuen gizonezkoak. 08:30 baino lehentxeago atzeman dute udaltzainek gizonezkoa, eta atxilotuta eraman dute. Emakumezkoa, berriz, osasun etxera eraman dute.
Trapagarango Udalak «irmoki» salatu du erasoa, eta babesa erakutsi dio emakumezkoari, beharrezkoak lituzkeen udal baliabideak eskaintzearekin batera. «Eraso sexistak dira emakume eta gizonen arteko desberdintasunaren ondoriorik larriena», salatu du udalak egindako adierazpen batean.
1.519 emakumeri arta
Emakundek emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarkeria matxista jasaten duten 1.519 emakumeri eman diote arta psikologikoa konfinamendu garaian. Horietatik gehienek aurrez ere jasotzen zuten laguntza, eta bertze 200ek lehen aldiz jo dute diputazioetako zerbitzuetara. Orotara, 4.100 saio egin dituzte psikologoekin: 2.244 Bizkaian, 1.209 Araban, eta 687 Gipuzkoan. Emakundek ohartarazi duenez, konfinamenduan %25 handitu dira indarkeria matxista pairatzen dutenentzako arreta telefonikoan jaso dituzten deiak. Indarkeria matxistagatik jarritako salaketak, ordea, %36 gutxiago dira, iaz hilabete beretan jarritakoekin alderatuta.