Uholdeak

Gizonezko bat hil da Fustiñanan, traktorearekin Ebro ibaian sartuta

Ebro gainezka zegoen, eta traktorea ibaira sartu da. Goizaldean heldu dira ur-laster indartsuenak Erriberara, eta Ebrok  Tuterako alde zaharra hartu du. Ur mailak behera egitea espero da datozen orduetan. Gipuzkoan Urumea ibaiaren emaria handia da oraindik, baina jaisten ari da pixkanaka. Euskalmetek bertan behera utzi du alerta laranja; Donostian, arratsaldeko ordu bietan jaitsi dute alerta maila laranjara. Tolosan, luizi batek gasolindegia suntsitu du.

Edurne Elizondo-Ainhoa Oiartzabal
2015eko otsailaren 27a
11:19
Entzun

Gizonezko bat hil da Fustiñana eta Buñuel artean, traktore baten barruan, Ebro ibaira sartuta. Hala ere, larrialdi zerbitzuek ez dute baztertzen arrazoi naturalak direla medio hil izana. 60 urte inguru zituen. Asteazkenean, beste gizonezko bat hil zen Arruazun, paseoan ari zela Arakil ibaira erorita.

Espero bezala, goizaldean igo da Erriberako ibaien ur maila, batik bat Ebrorena. Gainezka egin du, eta zenbait errepide ixtea ekarri du horrek. Tuterako alde zaharra eta Ebro ondoko pasealekuak ere hartu ditu urak. Hala ere, eragin dituen kalteak txikiak izan direla azaldu dute udaleko iturriek.

Tuteran izan da goizean Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko kontseilari Jose Javier Esparza. Erriberako beste herri batzuk ere bisitatuko ditu, uholdeen eraginak bertatik bertara ikusteko. Esparzaren arabera, okerrena igaro dela uste dute. Hala ere, iragarri du uholdeek eragindako kalteentzat kalte-ordainak eskatuko dizkiotela Espainiako Gobernuari. Halaber, Ebroko Ur Konfederazioari ibaia garbitzeko eskatuko diotela esan du. 

Gipuzkoan, egoera egonkortzen

Gipuzkoan, kalte ugari eragin ditu euriteak eta Urumea ibaiak Martutene, Txomin eta Astigarraga bitartean. Zenbait bizilagun etxetik atera dituzte suhiltzaileek. Bideoa: Uholdeak Donostiako Martutene auzoan (Andoni Canellada / Argazki Press).

[Berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/2322/[/Berriatb]

Ia bost metrokoa izan da Urumearen ur maila, baina pixkanaka jaisten ari da. Besteak beste, euriak atertu duelako eta Añarbetik segundoko askatzen ari diren ur kopurua 80 metro kubikotik 65 metro kubikora jaitsi dutelako.

16:45: Trenen zirkulazioa martxan da berriro Bilbo eta Miranda Ebro artean. Goiz osoan itxita egon da, 07:00etan gertatutako luizi baten ondorioz zuhaitz bat erori baita bidera. 15:00 aldera hasi dira martxan trenak, Adifen arabera. Bitarte horretan autobusez eskaini dute zerbitzua.

16:35: Araban, bigarren mailako bederatzi errepide daude itxita Zadorra ibaiak gainezka egitearen ondorioz, Arabako Foru Aldundiak jakinarazi duenez. Uribarri-Ganboako urtegia 60 metro kubiko askatzen ari da segundoko, eta betetze mailaren %94an dago.

16:20: Nafarroako Gobernuak Espainiakoari eskatu dio azken orduetako uholdeak aintzat hartu ditzala urtarrileko denboralearen harira emandako ezohiko diru-laguntzen artean. Ebro garbitzeko lanei "berehala" ekitea ere galdegin du Jose Javier Esparza Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Administrazio kontseilariak. Uholde planaren 1. alerta maila eman du Nafarroako Larrialdi Agentziak.

16:00: Euskalmeten arabera, azken 34 urteetako otsail euritsuena izan da aurtengoa. Esaterako, Añarbe metro koadroko 764.4 litro euri zenbatu dituzte Añarben.

15:30: Baretu egin da egoera, eta pixkanaka beherantz doaz ur emariak Ebron eta Urumean. Euskalmetek kendu du alerta laranja, eta Donostiako Udalak jaitsi egin du Urumearen alerta maila Martutenen, gorritik laranjara. Hasi dira garbiketa lanak Txominen eta Martutenen.

12:00: Euriteen ondorioz lur-jauziak izan dira. Horietako batek azpian harrapatu du Tolosako gasolindegiaren zati bat. Andoainen baserri batean harrapatuta geratu dira hiru lagun, lur-jauzi baten ondorioz.

11:20: Ebroren ur maila 7,54 metrokoa da Tutera parean.

10:50: Euskalmetek iragarri du kendu duela euriteengatik ezarritako alerta laranja.

10:00: Alerta egoera 14:00etan kenduko du Donostiako Udalak.

09:30: AP-15 autobidea ireki dute Nafarroan.

09:15: Urumearen ur maila jaisten hasi da.

09:05: Hainbat lur-jausi gertatu dira, eta zenbait errepide itxi dituzte; Zarautz-Getaria bitartekoan lerro bat itxi dute.

08:15: Urumeak gainezka egin du, eta Goizueta-Hernani errepidea itxita dago.

08:10: Ebrok gainezka egin du, eta Tuterako alde zaharra hartu du. Tutera-Iruñea errepidea itxi egin dute.

08:00: Martuteneko hainbat bizilagun suhiltzaileen laguntzarekin ari dira etxetik irteten.

07:25: Nafarroan AP-15 autobidea itxita dago Valtierra parean; Iruñea eta Madril arteko N-113 errepidea, 74. kilometroan; eta Iruñea-Luzaide errepidea, 56. kilometroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.