Sute handia gertatu da bart goizaldean Urretxun (Gipuzkoa), etxebizitza eraikin batean. Sutearen ondorioz 68 urteko gizonezko bat hil egin da.
Jauregi kaleko 18. atariko etxebizitza batean piztu da sua, 3. eskubian, 01:40 aldera. Suak etxebizitza horri soilik eragin dion arren, kea eraikin guztira zabaldu da; lau pisutan eta bi ganbaratan sei etxebizitza daude eraikinean.
Hain zuzen ere, ganbaretako batean bizi zen 68 urteko J.L.A. da hildakoa. Kea arnastuta egoera larrian atera dute suhiltzaileek eta bihotza geldituta iritsi da Zumarragako Ospitalera; han hil da. J.L.A. bakarrik bizi zen, eta, agi denez, ohartzerako pozoindu du keak. Haren ondoko ganbaran bizi zen 41 urteko emakumezkoa da ingresatuta dagoena. Beste bi bizilagun ere artatu behar izan dituzte kea arnasteak eragin dien arazoengatik. Sutearen eraginez, eraikineko bizilagun guztiak atera dituzte eta Zumarragako hotel batean igaro dute gaua.
Sua piztu den etxean senar-emazte bikote bat eta haien sei urteko semea bizi dira. Ez dute minik hartu. Sutea sortzeko arrazoiei dagokienez, akumuladore baten susmoa dute Ibon Leunda Urretxuko udaltzainburuak Goierriko Hitza-ri adierazi dionez: "kumuladorea gortina batzuetatik gertu zegoen", azaldu du. Etxebizitzako sukaldea kiskali egin da sutearen ondorioz. Bertan bizi den bikotea etxetik atera da sutea ezin zutela menperatu ikusi eta gero: "esan dutenez euren etxebizitzako atea itxi eta bizilagun guztiak ohartarazi dituzte atera zitezen", agertu du Leunda udaltzainburuak.
Urretxuko udaleko teknikariak suteak eragindako kalteak neurtzen ari dira eta aseguru-etxeekin harremanetan jartzen eraikineko 25 bizilagunak euren etxeetara ahalik eta azkarren bueltatu daitezen. Iñaki Zabala alkatea (EAE-ANV) ere egon da bizilagunekin.
Arestian aipatu bezala, sua ez da sortu den etxebizitzatik kanpora zabaldu, baina keak eta suhiltzaileek erabilitako urak hondamen handia eragin dute eraikin osoan. Arotzak eta elektrizistak lanean hasi dira lehen eta bigarren pisuetan, kalteak ahalik eta bizkorren konpontzeko.
Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak agertu duenez, 01:40 aldera hasi da sutea, Jauregi kaleko etxebizitza batean, oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko. Etxebizitza batean hasi den arren, eraikin guztira zabaldu dira garrak; sei etxebizitza eta bi ganbara ditu eraikinak, lau pisutan. Hori dela eta, bizilagun guztiak aterarazi behar izan dituzte. Bizilagunetako hiru suhiltzaileek eurek atera behar izan dituzte ondoezik zeudelako, eta horietatik bi erietxera eraman dituzte. Bat, arestian aipatutako 68 urteko gizonezkoa, hil egin da ospitalean. 41 urteko emakumezko bat da bestea, eta Zumarragako ospitalean ingresatuta jarraitzen du diagnostiko erretserbatuarekin. Karbono monoxidoa arnastu du, eta horrek sortu dizkio arazoak.
Halaber, kalte material handiak eragin ditu suteak, eta, ondorioz, eraikinean bizi ziren 25 bat lagun etxera itzuli ezinik geratu dira. Goizeko lehen orduan suhiltzaileak eta Udaleko teknikariak eraikina aztertzen izan dira, eta egitura ez dela hondatu agertu dute. Iñaki Zabala Urretxuko alkatea dagoeneko egin du bilera bizilagunekin irtenbideak topatzen hasteko.
Sutea
Gizonezko bat hil da Urretxun sute batean
41 urteko emakumezko bat Zumarragako erietxean ingresatu dute, diagnostiko erretserbatuarekin. Jauregi kaleko etxebizitza batean piztu da sutea, eta eraikin osoa hustu behar izan dute suhiltzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu