Bakegintza

GKEek "autokritika" egin dute indarkeriaren inguruan izandako jarreraz

"Bake kultura, bizikidetza eta adiskidetzea" sustatzeko konpromisoa hartu dute.

GKEen ordezkariak, Bilbon egindako agerraldian. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
2019ko urriaren 7a
14:37
Entzun

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aritzen diren GKE gobernuz kanpoko erakundeek "barkatzeko" eskatu diete "gure jarrera ulertu ez zuten guztiei eta, batez ere, jarrera horren bidez berez ikaragarria zen mina areagotu diegun haiei: biktimei, biktima guztiei, bai ETArenei eta bai [Espainiako] Estatuarenei".

"Zintzotasun osoz aitortzen dugu urte gehiegitan ez dugula jardun egoerak eskatzen zuen bezala, gure etxean gertatzen ari zenaren inguruan", azaldu dute GKEek. Adierazpena Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeak –Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aritzen diren 80 bat erakunde biltzen ditu– eta REAS Euskadik sinatzen dute –ekonomia alternatibo eta elkartasunezkoan aritzen diren 70 bat elkartek osatzen dute–. Gainera, Kataluniako LAFEDE Justizia Globalaren aldeko Erakundeen Federazioan biltzen diren 117 erakundeek ere bat egin dute adierazpenarekin.

Lau puntu ditu erakunde horiek izenpetutako agiriak: giza eskubideak babesteko konpromisoa, "Euskal Herriko bizikidetza demokratikorako ardatza eta erreferentzia bakarra izan daitezen"; "egia, justizia eta erreparazioa" bermatzeko eskaera; "espetxe politikako legeria arrunta" ezartzeko eta presoen urruntzea amaitzeko eskaera; eta "bake kultura, bizikidetza eta adiskidetzea" sustatzeko konpromisoa.

Euskadiko GGKEen Koordinakundeko eta REAS Euskadiko ordezkariek azaldu dutenez, zenbait hilabetez aritu dira adierazpen horren inguruan lanean, eta Foro Sozial Iraunkorrak babestu eta sustatu du eztabaida hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.