«Garaipen gazi-gozoaz eta garaipen gozoaz hitz egiten da maiz, baina bigarren egunetik aurrera irudipen horiek aldatuz joaten dira». Horiexek, atzo, Juan Jose Ibarretxe EAJ-EAko hautagaiak ehunka militanteren aurrean esandako lehen hitzak. Txalo artean egin zieten harrera Ibarretxeri eta haren emazte Begoña Arregiri Gasteizko Azukre fabrika zaharrean bildutako militanteek. Irribarretsu agertu zen Ibarretxe, Josu Jon Imaz eta Begoña Erratzi EAJko eta EAko presidenteekin batera, gaueko hamaiketan. Irribarretsu zeuden, nahiz eta koalizioak erdietsitako emaitzak ez ziren oso pozik egoteko modukoak. Eskutik elkarri helduta agertu ziren ikurrinak astinduz bilduta zeuden ehunka jarraitzaileen aurrealdean. Imazek eta Erraztik hitz egitea espero zen arren, azkenean EAJ-EAko lehendakarigaiak baino ez zuen hitza hartu.
Botoetan eta eserleku kopuruan behera egin, eta koalizioak amestutako gehiengo osotik urrunegi geratu arren, Ibarretxek garaipenaren mezua helarazi zuen atzoko agerraldian: «Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeak irabazi egin ditugu, bai Araban, bai Gipuzkoan eta bai Bizkaian. Gu gara herri honetako liderrak, eta guk gidatuko dugu datozen lau urteetan herri hau». Edonola ere, «garaipen» gazi-gozoa zela aitortu zuen Ibarretxek, eta gobernu akordioa lortzeko «partida zaila» jokatu beharko dutela onartu. «Indar gutxiago izan arren, gu gara irabazleak, eta partida zaila izan arren, jokatu egingo dugu eta irabazi egingo dugu». Hori horrela, atzo erdietsitako garaipena «buru argiz» kudeatu beharko dutela aitortu zuen.Txalo zaparradek behin eta berriz eten zuten Ibarretxeren hitzaldia. «Independentzia» eta «ari, ari, ari Ibarretxe lehendakari» oihuak etengabe entzun ziren bildutako militanteen artean. Sutsu hitz egin zuen Ibarretxek, irribarrea galdu gabe.Euskal gizartearen gehiengoaren «konfiantza» erdietsi izana poztekoa zela esan zuen EAJ-EAko lehendakarigaiak. Haren esanetan, euskal gizarteak badaki EAJ-EA koalizioa «erdibidea» eta «aurrera egiteko gakoa» dela. «Negoziazioa abiatzeko eta herri honek bere etorkizuna erabakitzeko gakoa gara», azpimarratu zuen. Eta negoziazio hori abiatzeko eguna ere finkatu zuen Ibarretxek: gaur, goizeko zortzietan. Ordu horretan deituko baitie Ibarretxek Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuari eta euskal alderdi politiko guztiei, datozen hilabeteetan «denen artean» negoziaziorako «lan egutegia» abian jartzeko eta herriaren etorkizuna erabakitzen hasteko. Gaurtik aurrera «erlojua martxan» jarriko da, Ibarretxeren esanetan, bakea eta akordio politikoak lortzeko. Eta eginkizun horretan arituko da datozen lau urteetan EAJ-EA koalizioa, gaineratu zuenez. Nolanahi ere, datozen lau urteetarako gobernua osatzeko alderdi bat baino gehiagoren babesa izan beharko dutela ez zen oharkabean pasatu Ibarretxeren mintzaldian. Hala, bakea eta normalizazioa lortzeko bideak «denen artean» bilatu beharko direla eta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza erdietsi duten talde guztien artean irtenbideak bilatu beharko direla azpimarratu zuen.
Giro apala
Ibarretxek bere mintzaldian jarritako indarrak ez zuen, hala ere, EAJ eta EAko militante eta buruzagien aurpegietan islarik izan. Aurpegi serioak, eta giro apala. Ez zen giro atzo EAJ-EA koalizioak egindako ekitaldian. Lehen ordutik nabaritzen hasi zen hauteskundeetako emaitzak ez zirela pozteko modukoak izango koalizioarentzat. EAJ eta EAko ordezkarien agerraldirik ez zen izan 21:30 arte. Ordu horretan, Josune Ariztondo EBBko EAJko idazkari nagusiak eta Onintza Lasa EAko komunikazio arduradunak bi minutu eskaseko prentsaurrekoa eskaini zuten. Serio agertu ziren biak.
Serio eta arduratuta zeuden, halaber, bertan bildutako buruzagi politikoak ere. Telebistak ematen zituen datuak ez baitziren alai egoteko modukoak. Ibarretxe txalo artean agertu arte ez zen inolako irribarrerik ikusi EAJ-EAren ekitaldian, eta gutxi ikusi ziren emaitzak ospatzeko antolatutako amaierako jaian ere.
EUSKO LEGEBILTZARRERAKO HAUTESKUNDEAK
Gobernu ituna lortzeko partida zaila izango dela aitortu du Ibarretxek
Gaur bertan Zapaterori eta euskal alderdiei negoziazioa abiatzeko deitu egingo diela esan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu