Bulegoko leihotik, Espainiako hiru bandera ikusten ditu. Ezagun da ez dagoela bere herrian. Gogotsu dago Onintza Enbeita (Muxika, Bizkaia, 1979). Harrituta utzi du Kongresuko diputatuen jardunak, oilategi moduko bat iruditu baitzaio: «Txaloak jotzen dira; bat berbetan dagoenean, beste batek bere eserlekutik erantzuten dio, bere txanda izan ez arren; jendea sartu eta irten dabil... Hainbeste burokrazia gauzak egiteko, eta beste gauza batzuk hain errespetu gutxirekin egiten dira... Boto-emaileei hori baino gehiago zor zaie». Aurreneko kontrol saioaren ostean erantzun die BERRIAren galderei, bulego berriko telefonotik.
Zer moduz aurreneko egunak? Zer iruditu zaizu?
Alde batetik, iruditu zait burokrazia handiko leku bat dela hau, eta ohitu egin beharko dudala horretara. Beste alde batetik, iruditu zait orain arte beldur handiz ikusi ditudan gauza batzuk ez direla hainbesterako. Bakoitzak bere minutuak-eta ditu hitz egiteko, eta errespetatzen dituzte txandak. Aurreneko egunak nahiko ondo joan dira. Taldekideek ondo babestuta nabil, eta polito doaz.
Arrotz sentitu zara?
Bai. Azkenean, gu ez gara hemengoak. Erakunde hau ez dugu oso geure sentitzen, eta ez da oso erraza hainbeste jende eta hainbeste protokolotara ohitzea. Kargua hartzean, legeak aginduta zin egiten dudala esan dudanean ere, zurrumurru bat entzun da. Sentipenak arraroak dira.
Zein helbururekin joan zara Kongresura?
Ez da erraza helburuak jartzea; batez ere, kontuan hartuta PPk gehiengo absolutua duela. Ezingo genituzke hainbat helburu planteatu, lortzeko ezinezkoak izango liratekeelako, baina nik uste dut batez ere helburu hau izan behar dugula: Amaiurri botoa eman zioten horien guztien ilusioa hona ekartzea, aldarrikatzea herri bat garela eta erabakitzeko eskubidea dugula; aldarrikatzea Euskal Herrian aldaketa bat dagoela, aldaketa bat nahi dugula eta badagoela gizartean gehiengo bat sinesten duena aldaketa sozialean eta gauzak egiteko beste modu batean. Nire helburu pertsonala hori guztia hona ekartzea izango da, eta hemen aldarrikatzea.
Nola egingo duzu hori guztia?
Kongresu barruan ditugun bideak hauek dira: baliatzea batzordeetan eta osoko bilkuretan hitz egiteko eta gobernuari galderak egiteko ditugun aukerak. Gobernuak gehiengoa eduki arren, gure denbora eta mekanismoak ditugu galderak eta lege proposamenak egiteko. Bestalde, aukera daukagu beste komunitateetako alderdi politikoekin egoteko. Haiekin harremanak egin ditzakegu, eta gure proiektua erakutsi. Horiek dira gure bideak, betiere jakinda gure fokua Euskal Herrian dagoela.
Denbora gutxi daramazu hor, eta agian ez duzu astirik izan usaimena lantzeko. Zein tankera hartu diozu gobernuari? Ba al du Euskal Herrian zerbait mugitzen hasiko diren itxurarik, edo gai ekonomikoetan erabat sartuta daude?
Gaur, presidentea ez da egon; kasualitatez, ministro gutxi egon dira. Baina ikusi dut ez dutela onartzen egoera ekonomikoa zein larria den. Nik ez dut esaten gobernuak ez dakienik egoeraren berri, baina ez du onartzen egoera: ez du onartu nahi erreskate bat egon denik. Horrek asko esaten du gobernu bati buruz. Zeozelan, herritarrei ezkutatu egiten diete egoera zein larria den, eta uste dut hori oso larria dela. Bestalde, gurekin daukan jarrera dago. Sabino Cuadrak galdera bat egin du German Rodriguezen hilketaren inguruan eta 1978ko sanferminen inguruan. Gallardonek, horri erantzun ordez, Hipercorreko atentatua eta beste hainbat gauza bota dizkio aurpegira. Ikusten da gobernua jarrera itxian dagoela. Barrera bat jarri du, eta ez du ematen prest dagoenik pausorik emateko hortik aurrera; nire usaimenak, behintzat, hala dio. Ez dut uste prest dagoenik denon proposamenak entzuteko. Agian, denborak arrazoia kenduko dit, baina...
Iñaki Antiguedadek aholkurik eman al dizu?
Aholku zuzenik ez dit eman, baina, behin, talde osoa bazkaltzen egon ginen, eta hark esaten zuen hemen bakoitzak bere marka ipini behar diela berbaldiei. Beldurrik gabe hitz egiteko esan zuen, gai garela gure mezua emateko, eta horixe egin behar dela.
Zure markak izango al du bertsotik ezer?
Kar-kar! Ez da erraza izango hemen bertsotan hastea, baina uste dut bertsoen ezaugarri batzuk badaudela hemen. Berbaldiek zuzenak izan behar dute, jendeak ulertzeko modukoak, eta, gero, bat-batean erantzuteko gaitasuna ere beharko da. Beraz, bertsotan ikasitakoak balioko du hemen aplikatzeko.
Zerk eraman zaitu politikara?
Sistema bat benetan demokratikoa denean, geuk erabakitzen badugu gure etorkizuna eta gure herriaren antolaketa, ez genuke konplexurik eduki beharko politikan aritzeko, modu aldakor batean, lau urtetik behin aldatzen den modu batean. Nik sinesten dut Amaiurren proiektuan, Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko proiektuan, eta burujabe izateko horretan. Hau bizi dut, eta, garai honetan, nire konpromisoak Madrilera ekarri nau. Orain, proiektua Madrilen defendatzea egokitu zait. Hori amaitzen denean, agian tokatuko zait herriko organismo sozial batean sozioekonomiako proiektu bat adostea edo osatzea; eta prest egongo naiz horretarako ere.
Onintza Enbeita. Amaiurreko diputatua Kongresuan
«Gobernua ez dut ikusten denon proposamenak entzuteko prest»
Diputatu kargua atzo hartu zuen Onintza Enbeitak, «legeak agintzen diolako» Espainiako Konstituzioaren zina eginda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu