Europako Konstituzioaren ezezkoaren atzean, Chiracen zein Raffarinen aurkako zigor botoa dagoela iritzi diote politikari zein analista askok; hau da, herritarren zati handi bat Gobernuaren politika ekonomiko eta sozialarekin ez dagoela ados, eta ondoez hori adierazteko bozkatu dutela Konstituzio proposamenaren aurka. Horregatik, iritzi publikoaren zati handi batek uste du Raffarinek dimisioa eman beharko lukeela. Halakorik egingo duen ez du argitu, ordea.
Erreferendumaren emaitzen berri izan eta segituan, Frantziaren erabakiak "testuinguru zaila" sortzen duela adierazi zuen atzo gauean Jacques Chirac Frantziako presidenteak. Frantziaren interesak nekezian izanen direla uste du Chiracek. "Baina Frantziak Europan toki osoa ukaten jarraituko du, bere engaiamenduen errespetuan", adierazi zuen. "Europako Batasunak oraingo itunen arabera funtzionatzen jarraituko du", gehitu zuen. Frantziako gobernua ondoko egunetan aldatuko dela iragarri zuen.
Konstituzioaren aldekoek ezin izan zuten beren atsekabea ezkutatu. François Hollande PS alderdiko idazkari nagusiak Jacques Chiracen politikari leporatu zion ezezkoaren garaipena. Ezezkoaren garaipena "larritzat" jo zuen. Bertze arduradun politiko batzuek "Frantzia krisialdi politiko larrian" dagoela erran zuten.
Henri Emmanuelli PSko buru eta Konstituzioaren aurkakoa, ordea, "itxaropentsu" mintzatu zen. Arnaud Montebourg PSko arduradunak gehitu zuen "Europa ez daitekeela liberala izan, frantsesen iritziz".
Konstituzioa bultzatzen jarraizeko mezua Europako Batasunetik
Frantzian ez ezik, Europako Batasunean kezka handia sortu du ezezkoak. Izan ere, Europako Batasunaren oinarri handienetako bat da Frantzia, eta haren ezezkoak eragin handia izan dezake Konstituzio Itunaren etorkizunean. Hala ere, estatu gehienetako agintariak Konstituzioaren onarpen prozesuarekin aurrera jarraitzeko mezua zabaldu dute, batik bat, Europako ekialdekoek.
EUROPAKO KONSTITUZIOA Ituna / Ezetza irabazle Frantzian
Gobernua "gaur edo bihar" aldatuko duela iragarri du Raffarinek, baina ez du argitu dimisioa emango duen
Kolpe handia jaso du Frantziako Gobernuak Europako Konstituzio Itunari buruzko erreferendumaren emaitzekin: izan ere, eurek baiezkoa bultzatu arren, hautesleen %54,87k aurka bozkatu dute. Hori dela eta, Gobernua aldatuko zuela iragarri zuen atzo Jacques Chirac presidenteak. Jean Pierre Raffarin lehen ministroa harekin batzartu da gaur goizean, eta bileraren ondoren esan du gobernu aldaketa "gaur edo bihar" gauzatuko dela, baina dimisioa emango duen ez du argitu. Parte hartzea handia izan zen: %69,74koa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu