Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra gobernu osaerari buruzko negoziazioen txanpan sartu dira, atzo akordio programatikoa itxi eta gero. Atzo goizean egin zuten lehen bilera, eta, haien artean babes handiena lortu zuen lehen indarra Geroa Bai izanik, Uxue Barkosi egokitu zitzaion aurreneko proposamena egitea. Geroa Bairen presidentegaiak proposatu zuen kontseilariek ez dutela kargu organikorik izan behar alderdietan, ez direla parlamentari izan behar eta izendapena onartzerakoan Geroa Baik izango duela azken hitza.
Gaur goizeko bileraren aurretik EH Bilduk eta Ahal Dugu-k adierazi dutenez, onartzen dituzte Barkosen baldintzak. Ezkerrak nabarmendu du proposamen horrek ateak ixten dizkiola ohiko gobernu koalizioari. Negoziazioei beren bidea egiten utzi behar zaiela esan du Jose Miguel Nuinek.
Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak aurreratu du badutela gobernua osa dezaketenen izen zerrenda bat proposatzeko moduan. Eskaturiko baldintzak eta profilak betetzen dituztela zehaztu du. Uxue Barkosek onartu behar dituen baldintzen inguruan, Araizek esan du uler daitekeela azken hitza Barkosek duela, baina nahiago dutela ulertu "adostasuna bilatuko dela izenak proposatu eta haiek izendatuko dituztenen artean".
Inbestidura saioa zehazte aldera, bilerak abiatu ditu Ainhoa Aznarez Nafarroako Parlamentuko presidenteak talde politikoekin. PSNrekin bildu da, eta bihar jarraituko du gainerako talde politikoekin. Uztailaren 21ean izan liteke inbestidura saioa, Europa Press agentziak zabaldu duenez.
Gobernu eraketa
Araizek adierazi du "oro har" ados daudela atzo aurkeztu zieten gobernu eraketarekin. Baina bi alor berri sortu nahi ditu EH Bilduk: Landa Garapena eta Azpiegiturak, batetik, eta Lurralde Antolaketa, Ingurumena eta Tokiko Administrazioa, bestetik.
EH Bilduk negoziazioen gaineko batzar ireki batera deitu du gaurko. Atarrabiko Kultur Etxean egingo dute, 19:00etan. Ahal Dugu-k larunbatean egingo du batzarra.
Ahal Dugu-ko parlamentari Laura Perez bereziki pozik agertu da Etxebizitza, Enplegu eta Gizarte Politiketarako idazkariordetza bat sortuko delako. "Kanpainan defendatu genuen aldarrikapen bat da".
Hain zuzen, Uxue Barkosek iragarri du bi idazkariordetza "sendo" sortu asmo dituztela: Enplegua eta Industria, eta Ekonomia eta Ogasuna. Gobernuak alderdien arteko tirabiretatik at egon behar duela uste du Barkosek. Horregatik proposatu du alderdietan kargu organikorik ez izatea gobernuko kideek.