EUSKAL HERRIA

Gobernua prozesua atzeratzen ari dela salatu du Batasunak

Pernando Barrena Batasuneko mahaikideak konponbide prozesua blokeo egoeran eta krisian dagoela adierazi du, eta prozesua etengabe atzeratzen aritzea leporatu dio Espainiako Gobernuari. Aldeetako bat legez kanpo badago prozesuak ez duela aurrera egingo esan du Barrenak.

2006ko irailaren 11
20:07
Entzun
Irlandako Sinn Fein alderdi errepublikanoko Alex Maskeyrekin batera Madrilen egindako prentsaurrekoan egin ditu adierazpen horiek Barrenak. Prozesua jokoan dagoela salatu du Barrenak, eta prozesua atzeratzeko “amarruak” erabiltzea egotzi dio PSOEren gobernuari. “Amarru errepresiboa” amaitzeko eskatu dio eta “jarrera definitu eta argitzeko” exijitu PSOEri.

Hauteskundeei buruz ere mintzatu da Barrena. Ezker abertzaleak ez parte hartzeko “aitzakiarik” ez bilatzeko eskatu dio gobernuari. Prozesuaren aldeetako bat legez kanpo egonda, bake prozesuak aurrera egitea ezinezkoa izango dela iritzi dio. “Alderdien Legea bertan behera utzi gabe, prozesuak ez du aurrera egingo”, gaineratu du.

Presoen inguruan, berriz, presoek ere prozesua bide demokratiko baten bidez konpondu nahi dutela esan du Batasunekoak.

Alex Maskeyk ere Batasuna legeztatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari eta prozesuan paper garrantzitsua duela onartzeko. Ipar Irlandako prozesuaren harira, berriz, hauxe esan du: “Euskal Herrian bake prozesua abian jarri den honetan, Ipar Irlandan zailtasunak somatzen direla”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.