AZPIEGITURAK

Gobernuak 6,6 milioi euroko gastua baimendu du Navarra Arena zabaltzeko

Horietatik 6 milioi erabiliko dituzte eraikinaren lanak bukatzeko eta azpiegitura hornitzeko.

Navarra Arena pabilioia, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2017ko uztailaren 5a
08:22
Entzun

Nafarroako Gobernuak 6,6 milioi euroko gastua baimendu du gaur Navarra Arena pabilioiaren auziari irtenbidea emateko. 2013az geroztik itxia eta bukatu gabe dago eraikina, eta zabaldu ahal izateko lan batzuk falta dira oraindik, segurtasun ekipamenduari dagozkionak, eta, horiei aurre egiteko, sei milioi euroko inbertsioa beharko dela kalkulatu du Nafarroako Gobernuak. Aurtengo azaroan ekinen diete lan horiei, eta 2018ko azken hiruhilekoan prest izan nahi dute azpiegitura.

Gaur onartutako 6.641.657 euroetatik, 4,9 milioi erabiliko dituzte eraikineko lanak bukatzeko, eta beste 1,1 milioi, berriz, azpiegitura hornitzeko: kirol ekipamendua eta bulegoko nahiz zerbitzuko materiala erosiko dute diru horrekin. Gainontzekoa (570.000 euro) zerbitzu, asistentzia eta garraioan gastatuko dute.

Bide judiziala ere ez da bukatu, 4,2 milioi euroren erreklamazioak pilatu baitzaizkio UPNren garaian sustatutako azpiegitura erraldoiari.

Gobernuak ohar batean azaldu duenez, ekitaldi puntualetan soilik zabalduko dute Navarra Arena, "egungo azpiegiturek dutena baino edukiera handiagoa behar duten kirol eta kultura ekitaldietarako".

Kirol norgehiagoka eta ikuskizun handiez gainera, Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuaren eta Nafarroako kirol federazioen egoitza ere izanen da eraikina.

UPNk utzitako ondare astuna

10.000 ikuslerentzako pista nagusi bat, 2.500 pertsonarentzako areto txikiago bat, 2.500 ikusle har ditzakeen frontoia, hainbat solairuko lurpeko aparkalekua, 60 milioi euroren inbertsioa... Navarra Arena pabiloia ez da kiroldegi soil bat. Koroaren harribitxia izateko jaio zen. "Erreferente bat", Miguel Sanz presidente ohiaren esanetan. Egiazki, Nafarroako Gobernuak sustatutako azpiegitura nagusia izan zen hainbat urtez... handinahikeriak proiektu osoa hondoratu zuen arte.

Azpiegitura horren lanen adjudikazioa 2008. urtean egin zen. Urte hartan, Portland San Antonio eskubaloi taldea elitean zegoen oraindik, baina gainbehera betean —2004-2005eko denboraldian irabazi zuen Asobal liga azkenekoz—, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko pabiloian jokatzen zituen partidak —3.000 ikuslerentzako tokia du areto horrek, eta oso gutxitan bete da—. Bestalde, Nafarroako gainontzeko kirol taldeek (Itxako, Anaitasuna, Xota, Basket Navarra...) nekez erakar zitzaketen 10.000 pertsonarentzako pabiloi bat betetzeko adina zale.

Argi zegoen, beraz, halako inbertsio batek izan zitzakeen onurak baino askoz handiagoak zirela arriskuak. Berehala, ugaritzen hasi ziren Navarra Arena proiektuaren kontrako kritikak, baina gobernuak entzungor egin zuen: UPN-PSN koalizioak lehentasunezko izaera eman zion proiektuari, Nafarroa 2012 planaren barruan sartuta. Eliteko kirol jarduerak eskaintzeaz gainera, kontzertuak eta bestelako kultur ekitaldiak ere programatzeko balioko zuela esan zuten orduan agintari nafarrek, baina azpiegiturak ez du helburuetako bakar bat ere bete. Alde batetik, pertsona gehien erakar zezakeen taldea, San Antonio, 2013an desagertu zelako; eta, bestetik, kontzertu eta ikuskizunen promotore gehienek ezin dietelako aurre egin pabiloiaren alokatze gastu itzelei.

2014ko irailean amaitu ziren lanak —hiru urteko atzerapenarekin—, baina Navarra Arenaren ateak ez dira oraindik zabaldu. Udal langile bat arduratzen da, noizean behin, argiak pizteaz eta komunetako nahiz aldageletako txorrotek funtzionatzen dutela ikuskatzeaz. Eraikinak 400.000 euroren gastua eragiten dio administrazioari urtean, argindarra, ura, gasa, segurtasuna eta zergak ordaindu behar baitira, pabiloia zabalik egon ala ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.