politika

"Gobernuak eta ministroak aldatzen dira, baina gu beti hemen gara"

Milaka lagun bildu dira Maulen lurralde elkargoa, euskara, Laborantza Ganbera ofiziala eta berezko unibertsitatea aldarrikatzera, Batera-k deituta, "herritarren eguneroko beharretarako oinarrizko eskubideak eskatzera". Gaurko manifestazioak "ziklo berri bat markatuko" duela esan du Mixel Berhokoirigoinek, plataformaren izenean, herri aniztunaren oihu sendoa izan baita gaurkoa. Abenduaren 28an Seaskaren alde Baionan egingo den manifestaziora joateko ere eskatu du. [berriatb]http://www.berria.info/berriatb/1967/[/berriatb]

Mauloeko manifestazioaren burua. JENOFA BERHOKOIRIGOIN
2013ko azaroaren 30a
19:17
Entzun

Makila eskuan joan dira milaka lagun Maulera: "Makila sinbolo bat da; lurralde elkargoa lortu arte garamatzan bide horretan aitzina egiteko lagungarri da", antolatzaileen arabera. "Parisen mespretxuen gainetik" lortuko dutela konbentzituta daudelako. Giro hotza eta euritsua berotu dute milaka lagunek Zuberoaren bihotzean, dantzariek eta musikariek lagunduta. Lurralde elkargoaren alde Maulera joandako euskal herritarrez gain, Ipar Euskal Herriko alderdi politiko guztietako ordezkariak egon dira, demokrazian oinarrizkoak diren eskubideak eskatzen.

Antolatzaileak "oso pozik" daude esparru oso zabala elkartzea lortu dutelako manifestazioan, aniztasuna nagusi, "nabari delako ez dela beste manifestazio bat, berezia dela". Mespretxurik ez lelodun pankarta buruan, Batera-ko kideak jarri dira lehen lerroan, hautetsiak ondoren, eta atzetik jendea, gaurko lau aldarrikapenen aldeko oihuak egiten: "Lurralde elkargoa behar du Ipar Euskal Herriak", "Euskaraz bizi", "Laborantza ganbera ofiziala", eta "Berezko unibertsitatea".

Euskararen koofizialtasuna eta Ipar Euskal Herriaren aitorpen instituzionala eskatzeko Batera plataformak egindako deialdiak eragile askoren atxikimendua jaso du: Udalbiltza, LAB, CFDT, EHLG, EAJ, Ernai, Aintzina, Garapen Kontseilua, Hautetsien Kontseilua, Auzapezen Biltzarra, Baionako Merkataritza eta Industria Ganbera, EH Bai, Autonomia Eraiki, Bizi, Euskal Konfederazioa, Seaska, Itsasuko Gaztetxea, Donibane Lohizuneko Herri Berri eta Hendaiako Hendaia Biltzen zerrenda abertzaleek...Politika, kultura, ekonomia eta gizarte arloko ehun bat eragilek bat egin dute deialdiarekin.

Batera-ren mezua

Mixel Berhokoirigoin aritu da Batera-ren izenean oholtza gainean, manifestazioaren amaieran. Mauleko karriketara "kexu" joan direla esan du, "kexu baina determinazio guztiarekin, gure borroka segurua delako segurtasunarekin, euskal herritarren eskubideen alde egiten ari garelako". Lurralde kolektibitatea lantzen jardun diren "hilabeteak eta hilabeteak" izan ditu gogoan, orain arte herritarrek egin dituzten urratsak izan ditu gogoan: "Lurralde kolektibitatearen gaia landu dugu, proiektu sendo bat definitu dugu; auzapezen bi herenek beren sostengua eman diote, alderdietako ordezkariak Parisen izan ziren gobernuari proiektua aurkezteko. Ekainaren 1ean 'lurralde kolektibitatea orain' oihukatu genuen. Baina gure dosierra zikinontzirat joan zen".

Erantzun esanguratsua eman diote Parisek. Egituraz hitz egiteko egiturarik ez dagoenez, ez dutela egiturarik izango. "Zozotzat gaituzte? Hain zozoak dira zozoak garela pensatzeko? Mespretxutzat hartzen ditugu hitz horiek".

Laborantza ganberari buruz, berriz, Paris duela hamarkada bateko eskaintzarekin etorri dela gogorarazi du: "Atzo ezetz esan genionari gaur nola esan genizaioke baietz?".

Kexu da Batera plataforma, tokiko botere politikorik ez dute-eta beren eskubideak defendatzeko. "Lurralde kontratuak dudan ezartzen du Euskal Herriaren eremua dela behar dituen politikak hedatzeko. Herri elkargoekin hitzarmen sinpleak egiteko. Euskal Herriaren perimetroa ere mehatxua da, kantonamenduen egituraketa berriarekin, eta ikastolen kontrako mehatxua ere hor da, nahiz eta denek aitortzen duten militantziaz eraiki den sarea beharrezkoa dela euskarak bizirik iraun dezan".

Beste hainbat lekutan herritarren nahia kontuan hartzen dela salatu du. "Alsaziarrek, adibidez, kontsultatuak dira nolako egitura instituzionala nahi duten gerorako. Korsikarekin ere hitz egiten dute, beste egitura instituzional bat behar duten ikusteko. Kexu den Bretainiari ere entzuten diote. Euskal Herriarentzat, berriz, negozioaziorik ez. Parisen ezetzari ezetz esaten diogu. Euskal Herrian bizi garelako bigarren mailako herritar gisara tratatzen gaituzte". Horregatik egin dute zarata, gaur, Maulen, "denek entzun gaitzaten, jakin dezaten mespretxuak ez duela ezer onik ekartzen".

Lau aldarriak lortzeko ibili direla esan du, Lurralde Elkargoa, euskara, Laborantza Ganbera ofiziala eta berezko unibertsitatea, eta Maulek inoiz seguruenik ezagutu duen manifestaziorik handiena izan da. “Ziklo berri baten hasiera markatuko du” gaurko manifestazioak. "Gobernuak eta ministroak aldatzen dira, baina gu beti hemen gara. Ez gaituzte inoiz desmobilizatu eta ez gaituzte desmobilizatuko".

“Gizartearen gehiengoa eta aniztasuna baliogarriegiak dira, erortzen uzteko” Berhokogoirigoienen ustez. Herritarren eguneroko beharrei erantzuteko eskubideak "ezin ukatuak" dira. "Elkarrekin eraikitzeko gaitasuna erakutsi dugu. Gure mugimenduan konfiantza izan behar dugu, gaitasunak baditugu. Irakaspenak atera ditzala gobernuak historiatik. Makilekin etorri gara, sinbolizatzen baitu egin dugun bide luzea, eta dugun pazientzia".

"Mespretxuei" aurre hartuta

Antolatzaileek Mauleko karrikak betetzeko arrazoiak oroitarazi dituzte: Paristik Euskal Herriak jasotako "mespretxuak", "mehatxuak" eta "diskriminazioak" salatzeko unea eta gunea izan da.

Jean-Marc Ayrault Frantziako lehen ministroak berriki Hautetsien Kontseiluko eta Garapen Kontseiluko presidenteei idatzi gutunak ez die kexua arindu. Hala ere, puntu baikor batzuk zehaztu dituzte, gutunari buruzko irakurketa gazi-gozo bilakatuz. "Gai instituzionala estatuko maila gorenera heldu da, eta horrek erakusten digu gure determinazioak zentzua duela", Martine Bisautak zehaztu duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.