Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak ohartarazi du "zaintza zorrotza" egingo diotela Josu Uribetxebarria euskal preso ohiari, honek baldintzapeko askatasuna bete dezan. Bestela, berriro kartzelan sartzeko eskatuko dute, Urkijok esan duenez.
Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta, Uribetxebarriak hainbat baldintza bete beharko ditu erietxetik etxera eramaten dutenean: ezingo da Arrasatetik irten, tratamendua hartzeko ez bada; ezingo da "biktimen eta haien familien etxebizitzetara" gerturatu; "indarkeria goratzen den edo zilegitasuna ematen zaion manifestazioetan modu aktibo edo pasiboan" parte hartzea debekatu diote, baita "era horretako" adierazpenak egitea ere.
Auzitegi Nazionalak Uribetxebarria baldintzapean aske uztea berretsi du, gaixotasun sendaezina duela eta. Urkijok azaldu du legea bete dutela epaileek eta ez dela "ezker abertzalearen garaipena" izan.