Ia bi orduz borroka gogorretan ibili dira Bishkeken, Gobernuaren egoitzaren atariko plazan, oposizioaren aldeko milaka jarraitzaile eta Akaiev presidentearen alde antolatutako herritarren defentsa taldeak. Azkenean, oposizioaren jarraitzaileek Akaieven defentsarako taldeak garaitzea lortu dute, eta Gobernuaren egoitzan sartzea. Borrokak bortitzak izan diren arren, ez da inor hil.
Behin Gobernuaren egoitzara sartuta, Akaiev dagoeneko ez dela Kirguzistango presidentea aldarrikatu du oposizioak, eta, halaber, iragan otsailaren 27an eta martxoaren 10an egin ziren bozak bertan behera geratzen zirela "iruzurragatik". Ildo horretatik, gaur gauean edo bihar goizean Legebiltzarra batzartuko dela iragarri du oposizioak, eta Nikolai Tanaiev egungo lehen ministroa behin-behineko presidente izendatuko duela. Laster, berriro ere hauteskundeak egingo dituztela nabarmendu du.
Askaiev presidenteari buruzko berri argirik ez dago, baina Errusiako albiste agentzia baten arabera, familiarekin batera Kirgizistandik Kazakhstanera alde egin du.
Legebiltzarra osatzeko otsailaren amaieran eta martxoaren hasieran egin diren hauteskundeak tarteko direla lehertu da Kirgizistango krisia. Emaitza ofizialen arabera, oposizioak eserlekuen %10 baino ez du lortu, baina Askaieven aurkako indarrek ez dute halakorik onartu eta iruzurra salatu dute. Herritarren mobilizazio handiak izan dira azken egunotan oposizioarekin bat eginez.
Herri pobrea eta toki estrategikoa
Asia erdialdeko herrialderik pobreenetakoa da Kirgizistan. Herritarren erdiak muturreko pobrezian bizi dira. Mendiz inguratuta dagoen herrialde txikia eta nekazaria da eta oposizioko kideak landa eremuko herritarren sostengua lortu dute. Munduko potentzia handientzat, baina, leku estrategikoan dago. Moskuk aire base bat ezarri ahal izan zuen bertan herrialdeari 250 milioi dolarreko zorra barkatzearen truke. Washingtonek ere beste base militar bat ezarri zuen bertan mila soldadu ditu Manasen. Afganistango gerran ezinbesteko sostengua eman zieten bertatik soldaduei.
Askar Akaiev presidenteak herrialdean atzerriko indarren «itzala» dagoela iradoki du azkenaldian: «Atzerriko taldeak finantzatzen ari dira oposizioa».
Kirgizistan
Gobernuaren egoitza hartu eta Akaiev presidentea agintetik kendu du Kirgizistango oposizioak
Bi orduko borroken ondoren, oposizioak Gobernuaren egoitza hartzea eta Askar Askaiev presidentea agintetik kentzea lortu du Bishkeken, Kirigizistango hiriburuan. Legebiltzarrak egungo lehen ministro Nikolai Tanaiev behin-behineko presidente izendatuko duela iragarri du oposizioak, eta lehendakaria aukeratzeko hauteskundeak aurreratuko dituztela. Felix Kulov Akaievek espetxeratutako oposizioko buruzagia askatu dute. Akaiev presidenteari buruzko berri zehatzik ez dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu