Atzo jakinarazi zuten Estatuaren abokatuak Auzitegi Konstituzionalari eskatu diola Sorturen babes helegitea atzera botatzeko eta legez kanpo uzteko erabakiarieusteko. Horren aurrean, Francisco Caamaño Espainiako Justizia ministroak azaldu du gobernuaren jarrera «koherentzia hutsa» dela. Ministroak komunikabideen aurrean atzo arrazoitu zuen Auzitegi Gorenaren aurrean ere Sorturen legez kanporatzearen aurka azaldu zirela Estatuaren abokatua eta fiskal nagusia, eta horregatik orain ere uste dutela ez dela inongo oinarrizko eskubiderik urratzen Sortu legez kanpo utzita. «Betidanik defenditu dugu jarrera hori, eta gai honetan gobernuak izandako jarrerarekin koherente izaten jarraitzen dugu», adierazi zien Espainiako Justizia ministro Francisco Caamañok komunikabideei.
Auzitegi Konstituzionalak Auzitegi Gorenaren ildo beretik jo eta hartara azaroaren 20ko hauteskundeetan Sortuk aurkezterik izango ez duen galdetuta, Caamañok azaldu du erabaki hori hartzea ez dagokiola gobernuari, auzitegiei baizik. Auzi horretan Madrilgo gobernuak jarrera irmoa erakutsi duela defenditu zuen, eta «dagozkion neurriak» hartu dituela.
Orain Estatuaren abokatuak bere azalpenak agertu dizkio Auzitegi Konstituzionalari, eta laster Fiskal Nagusiak egingo du. «Aintzat hartu behar da auzitegien aurrean beti frogak aurkeztu behar direla eta inoiz ez usteak, baina egiaztatzen bada froga sinesgarriak daudela eta horiekin jarrera hori defendi daitekeela auzitegietan Estatuaren abokatua beti hor egongo da Zuzenbide Estatua defenditzen», azaldu zuen Caamañok.
«Zuzenbidearen arabera»
Bateragune auzia ere hizpide hartu zuen Justizia ministroak, eta Espainiako Auzitegi Nazionalak iragan astean kaleratutako epaiaren harira Caamañok soilik esan zuen Justizia ministro gisa epaitegi ororen erabakiak errespetatzen dituela. Epai horren inguruan oinarrizko ideiak baino ez zituen adierazi. Hala, haren ustez, epaia «zuzenbidearen araberakoa da, eta auzipetuek helegiteak aurkezteko aukera dute».
Gobernuaren jarrera «koherentzia hutsa» dela azaldu du Caamañok
Espainiako Justizia ministroak esan du Espainiako Gobernua Sortu legeztatzearen aurka azaldu dela beti
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu