eaj

"Gobernuaren lehen minutuan kanpoko auditoria bat egitea planteatuko dugu", dio Urkulluk

EAJko lehendakarigaiak esan du "ekonomiaren zorroztasuna eta kudeaketaren eraginkortasuna berreskuratu" behar direla.

2012ko urriaren 17a
08:27
Entzun

EAJ urte honen hasieratik ari da esaten Jaurlaritzak (PSE-EE) zulo handia eragin duela legealdi honetan, hamar aldiz biderkatu duela defizita, eta Iñigo Urkullu jeltzaleen lehendakarigaiak adierazi du gobernura iristen badira berehala hasiko direla diru kontuak begiratzen. "Gobernuaren lehen minutuan kanpoko auditoria bat egitea planteatuko dugu", esan du gaur, Donostian.

Izan ere, haren arabera, "premiazkoa da abiapuntua ezagutzea, egiazko egoera ekonomikoari egokitutako planifikazioa egin ahal izateko".

Ekonomia atzeraldian dagoela aipatu du Urkulluk, langabezia goraka doala, diru bilketak behera egiten duela... "Gainera, 2013. urtea hipotekatuta dago, zorraren ordainketei aurre egin behar dielako [Jaurlaritzak]".

"Egoerari buelta" eman behar zaiola azpimarratu du. "Ekonomiaren zorroztasuna eta kudeaketaren eraginkortasuna berreskuratu behar ditugu. Gure konpromisoa da ahal dugun zorroztasun handienarekin eta aurrekontu diziplinarekin jardutea".

EAJren lehendakarigaiak konpromiso batzuk hartu ditu: Jaurlaritzak defizit muga ez gainditzea, gastu arrunta mugatzea, administrazioan ohiko gastua murriztea, barneko egitura arintzea, aholkulari kopurua jaistea, auto ofizialak murriztea, erakunde arteko lankidetza hobetzea... "Itxurakoa, alferrekoa kenduko dugu, eta ezinbestekoa mantenduko dugu".

"Ezinbestekoa" gastu soziala, lana, osasuna, hezkuntza, gizarte zerbitzuak eta pentsioak direla aipatu du.

Zerga sistemaren erreforma proposatuko du EAJk, "berrabiatze ekonomikora bideratuta". Aldundiekin elkarlana bilatuko luke EAJren gobernuak, Urkulluk hitz eman duenez. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.