Komunikazioa

Gogoeta txostena aurkeztu du Tokikom-ek

Patxi Baztarrika: "2014an aztertuko dugu hedabideen urtez urteko laguntzak urte anitzeko laguntza deialdi bihurtzea, 2015era iristen garenerako aukera hori gauzatzeko moduan egon gaitezen".

urtzi urkizu
2013ko azaroaren 26a
15:57
Entzun

Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako campusean jardunaldia egin du gaur Tokikom-ek, tokiko euskal hedabideak batzen dituen elkarteak. Jardunaldi horretan azkeneko hilabeteotan egindako gogoeta txostena aurkeztu du elkarteak: 'Euskal hedabideen etxea, tokikoen ikuspegitik'. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikerlariak aritu dira txostena lantzen. Haiekin batera aritu dira baita ere Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendaria, Haritz Solupe kultur politiketan aditua, Joxe Rojas Topaguneko komunikazio arduraduna eta Mikel Irizar Tokikomeko presidentea.

Jardunaldian hainbat erakunde publikoetako ordezkariek parte hartu dute. Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak esan du tokiko esparruak "arreta berezia" behar duela. "euskararen erabileraren sustapen ikuspuntutik". "Eraginkorrak izateko pluraltasuna ezinbestekoa da, euskaldunak bezain anitzak izan behar dute hedabideek", gaineratu du. Herri aginteei, berriz, "eraginkorra dena sustatzea eta babestea" dagokiela adierazi du. Baztarrika: "2014an aztertuko dugu hedabideen urtez urteko laguntzak urte anitzeko laguntza deialdi bihurtzea, 2015era iristen garenerako aukera hori gauzatzeko moduan egon gaitezen".

Gipuzkoako Diputazioko Euskara zuzendari Zigor Etxeburuak tokiko hedabideak zoriondu ditu: "Banaka ahulak gara. Elkartuta asko eta indartsuak. Zorionak bidea egiten ari zaretelako". Tokiko irratiei laguntzeko lerro berri bat iragarri du Etxeburuak.

Honatx gogoeta txostenaren pasarte batzuk:

Kontsumo joerak
Kontsumitzailearen figura berria sortu da. Mario Tascon kazetaria: «Kazetariok uste genuen jendeak entzun egin nahi zuela. Eta ez, jendeak hitz egin nahi du». Gainera, orain kontsumitzen dugu nahi duguna, nahi dugun lekuan eta nahi dugunean. Herritarra informazio sortzaile bihurtzen ari den honetan, hedabideen egitekoa da zuztarrak luzatzea eta herritar aktibo horrentzat izatea iturri eta ubide. Euskal hedabideen kasuan, helburu hori lorzeak bereziki egiten dio mesede euskarari eta hizkuntzaren komunitatea trinkotzeari. Euskal hedabide orokorrek ere beharrezkoa dute erroak luzatzea, indartzeko, eta hor dituzte tokiko hedabideak lagun eta osagarri. Uztardura hori irudikatu dute ikerketaren egileek euskal hedabideen etxean: bi solairuko eraikin bat. Behekoan tokikoak eta goikoan orokorrak; behekoan hurbileneko informazioa multimedian lantzen duten eskualdeko taldeak eta goikoak eduki orokorragoak lantzen dituztenak. Guztiak sarean lankidetzan, eta igogailuak gora eta behera edukiak garraiatzen. Apustua da eskualde edo zonaldeka integrazioa bultzatzea bertako hedabide guztien artean, komunikazio taldeak sortuz multimediaren euskarri guztiak jorratzeko. Hedabide orokorragoen artean integrazioa ez, baina osagarritasuna landu behar da, baliabideak optimizatze aldera.

Aukerak

Iraganean bakarkako joerak nagusitu dira euskarazko hedabideen artean, besteak beste, garai oparoek bakarka irautea ahalbidetu dutelako. Hori bukatu da eta lankidetza dago orain denen ahotan. Euskal hedabideen sektoreari gero eta gehiago aitortzen zaio bere funtzio soziala. Eta horren gainean, posible da ikuspegiak adostea eta kontzertazio bidean abiatzea. Euskara izan daiteke zubia komunikabideak beren artean eta herri erakundeekin lotzeko. Tokiko komunikabideen eta udal administrazioen arteko konfiantza sustatu behar da. Hedabideek onartu behar dute finantzazio publikoa jasotzen duenak bere egitekoa moldatu egin behar duela marko orokorragoen baitan; eta erakundeek barneratu behar dute euskal hedabideen sektorean markoa eta bilakaera sektorearekin berarekin landu eta adostu behar direla, interes sektorialak eta orokorrak uztartuta. Gizarte ekimenaren eta erakundeen ahalmenaren uztarketan legoke etorkizunerako atea. Erakunde publikoen eta hainbat gizarte eragileen artean historikoki egon den lubaki politikoa betetzen hasia da, eta egun aukera gehiago daude ikuspegiak trukatzeko, estrategiak partekatzeko eta adostasunak eraikitzeko. Euskal hedabideen historian lehen aldiz landu daitezke etxe osoaren planoak, atal bakoitzaren funtzioak zehaztuta eta elkarrenganako osagarritasunak bilatuz.


Finantzazioa
Herri ekimeneko euskal hedabideei nagusiki diru laguntza bidez iristen zaie finantzazio publikoa. Baina sistema horrek arazoak sortzen ditu, eta horiek gainditzeko sarri aipatu izan du sektoreak deialditik hitzarmenera jauzi egin beharra. Diru laguntzen sistemak bi aje nagusi ditu: prozedura administratibo astuna eta ezegonkortasuna. Hitzarmena oinarritzen da alde bien arteko adostasunean, eta da bi aldeek partekatzen duten interes komunari ematen zaion elkarlanezko erantzuna. Hitzarmenak aldez aurretiko lan handia eskatzen du; ezer baino lehen, elkar aitortze esplizitoa; gero, ikuspegiak partekatzeko dinamika bat abiatzea, mahai egonkor bat eztabaidarako eta lanerako; hirugarren urratsa da ikuspegiak adostu ahala ibilbideak marraztea eta lanak banatzea; ibilbiderako baliabideak finkatzea, eta hori guztia hitzarmenean jasotzea lirateke azkeneko pausoak.

Behatokia
Euskarazko hedabideak biltzen dituen Hekimen elkartea ari da proiektua lantzen, bazkide diren hedabideekin eta hainbat unibertsitaterekin lankidetzan. Behatokiaren egitekoak lirateke datuak jasotzea, ikerketa sustatzea, politikak proposatzea, koordinazioa bermatzea, eta hedabide publiko eta pribatuen arteko lankidetza laguntzea.

Gomendioak

Tokikom elkartea zabaldu, egonkortu eta sendotu behar da euskarazko tokiko hedabideen mesedetan. Hedabide bakoitzak bere autonomia behar badu ere, Tokikomen funtzioak honakoak izan daitezke: euskarazko tokiko prentsaren indargunearen erakusle izatea eta indargune horren arabera eragileekin negoziatzea, euskal tokiko albiste agentzia funtzioa betetzea, talde tekniko bat izango luke, Tokikomeko hedabideen tresna digitalak sortzeko eta eguneratzeko, talde ekonomiko bat izango luke diru-iturriak bilatzeko eta estiloaren arduradun talde bat izango luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.