Gogor kritikatu dute Hondarribiko aireportuko pista mozteko erabakia

AENAk lehiaketara atera du aireportuko pista segurtasun baldintzetara egokitzeko lana

Erredakzioa
2007ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Hondarribiko aireportua Europako Batasunak (EB) ezarritako segurtasun baldintzetara egokitzeko lana lehiaketara atera du AENA Espainiako Aireportu eta Aire Nabegazioak. Europako araudira egokitzeko segurtasun bandak jarri behar dituzte aireportuan, eta horretarako, pista 300 metro moztuko dute. Hala izanez gero, egungo pista motzegia geratuko litzateke erreaktoreentzat eta hegazkin handientzat. Turbohelize gehienek ez lukete operatzeko arazorik izango pista berrian.

AENAren erabakiak era guztietako kritikak eta iruzkinak eragin zituen atzo Gipuzkoako erakundeen aldetik.

Markel Olano herrialdeko ahaldun nagusiak eskatu zion AENAri atzera dezala pista egokitzeko lana, Gipuzkoako erakundeek «berehalako» akordioa lortu arte.

Olano Jose Antonio Santano Irungo alkatearekin (PSE-EE) bildu zen, eta bileraren ostean adierazi zuen berebizikoa dela euskal erakundeek aireportuaren inguruko akordioa lortzea, eta «denek batera» jardutea, gero Espainiako Gobernuarengana jo ahal izateko.

Aspaldikoa da Hondarribiko aireportua egokitzeko eztabaida. Aznarren garaiko Espainiako Gobernuak pista 600 metro handitzea proposatu zuen. PSOE gobernura heldu zenean, proposamen hura baztertu zuen, eta pista moztea proposatu zuen, Abiazio Zibilaren Nazioarteko Erakundearen segurtasun baldintzetara egokitu ahal izateko. Hori da, hain zuzen ere, orain AENAk ireki duen bidea.

«Ezin dira planteatu egokitze lan bakartu batzuk, aireportuaren konpetibititatea bermatuko duten neurri multzo bat kontuan eduki gabe», adierazi zuen Olanok. Ahaldunak Espainiako erakundeekin batera aurrera eraman beharreko neurriak adosteko beharra nabarmendu zuen.

Arantza Tapia Gipuzkoako Mugikortasun eta Lurralde Antolaketarako diputatuak onartu zuen Aldundiak bazuela AENAren asmoen berri, baina ez modu zuzenean. Tapiak esan zuen heldu den astean Ortzibia elkartuko dela, hainbat erakundek Hondarribiko aireportua sustatzeko eratutako elkarte publikoa.

Eusko Jaurlaritzak «harridura eta atsekabea» azaldu zuenAENAren erabakiarengatik. Garraio eta Herrilan Sailak gaitzetsi du obrak lehiaketara atera izana euskal erakundeei ezer jakinarazi gabe. Euskal Herriko erakunde eta herritarrei «begirune» handiagoa zor zaiela esan du.

Jaurlaritza Hondarribiko aireportua modernizatzearen alde agertu da, eta horretara begira hartu behar diren neurrien harian AENAk ezer adierazi ez izana gaitzetsi du. Aireportu azpiegiturak kudeatzeko eredua aldatzearen alde agertu da Jaurlaritza. Hala, Europan nagusitzen ari den eredu dezentralizatua Euskal Herrian ere aplikatzeko eskatu du.



DONOSTIA ETA HONDARRIBIKO UDALAK. Odon Elorza Donostiako alkatea gaur elkartuko da AENAko ordezkariekin, jakiteko ea hartu duten erabakiak atzera bueltarik duen. Horretarako, eskura dituen kudeaketa guztiak egingo dituela adierazi zuen Elorzak atzo. Ildo horretan, Sustapen Ministerioko estatu idazkariarekin ere elkartzen saiatuko dela adierazi zuen.

Bestalde, Jon Elizalde Hondarribiko jarduneko alkateak «ordago arduragabetzat» jo zuen AENAren erabakia. Elizalderen irudiko,AENAren asmoa da aireportuaren etorkizunari buruzko Gipuzkoako erakundeen arteko adostasuna azkartzea. Elizaldek adierazizuen Euskal Herriko aireportu azpiegiturei buruzko aldez aurreko analisi orokorraren «falta» sumatu duela.



«Lanak atzeratu beharko lituzke AENAk, erakundeen berehalako akordioalortu arte»

markel olano
Gipuzkoako ahaldun nagusia
«Harridura eta atsekabea azaldu behar dugu. Euskal instituzioei begirune handiagoa zor zaie»

eusko jaurlaritzakoGarraio eta herrilan saila
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.