ainara arratibel gascon

Gogorra bai, amesgaiztoa ez

2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
O so esperientzia gogorra izan zen bahiketarena. Ez diot inori desio. Baina ordutik bederatzi urte igaro dira, eta bitarte honetan gauza on asko gertatu zaizkit; garrantzitsuena, hiru alaba izatea. Bahiketa ez da izan gainean eraman dudan hilarri edo zama bat. Horrek, niri ez ezik, senideei eta lagunei ere lagundu die aurrera egiten». Asier Huegunen hitzak dira, duela bederatzi urte Kolonbiako ELN Nazioa Askatzeko Armadaren gerrillariek 74 egunez bahituta izan zuten donostiarrarenak. Bahituta eduki zuten aldian Huegunek idatzitako egunerokoa ardatz hartuta, haren testigantzak biltzen zituen liburua idatzi du Gari Udabe kazetariak: Kolonbian bahituta:74 egun ELNren esku. «Gogorrena egunerokoa tiraderatik atera, eta bahiketaren lehen egunak kontatzea izan da», azaldu du Huegunek. Kolonbiara itzuliko den galdetuta, baietz uste du. «Lagun asko utzi nituen han, eta badut asmoa itzultzeko. Noiz izango den ez dakit. Garbi dut, halaber, ez naizela itzuliko bahiketa izan zen lekura».

Liburua idazteko ideia Euskadi Irratian egindako elkarrizketa baten ostean sortu zen.Udabek han egiten zuen lan; elkarrizketa amaituta, zergatik ez zuen liburu bat idazten galdetu zion Hueguni. Sei hilabete ziren aske utzi zutela, eta ezetz erantzun zion. Ez zen bizi izandakoa liburu batean jasotzeko prest ikusten. Nahiago zuen beretzat eta senideentzat gorde. Baina handik egun batzuetara proposamena onartzea erabaki zuen.

Liburuaren heldulekua Huegunek idatzitako egunerokoa da, eta lehen pertsonan idatzita dago. «Gehien kostatu zaidana Asierren [Huegun] lekuan jartzea izan da. Dena den, pozik geratu gara emaitzarekin. Niretzat, eskola handia izan da», nabarmendu du Udabek.

Liburuak hari mutur asko ditu. Hasieran bahiketa nola izan zen azaltzen du liburuak, eta lehen egunetako nondik norakoak. Huegun 2003ko irailaren 12an bahitu zuten, Ciudad Perdidan, mendi bidaia bat egiten ari zela.«Goizaldean izan zen, lotan geundela. Ezustean harrapatu gintuen, ustez leku ziur batean geundelako».

Beste zazpi lagun ere bahitu zituzten: lau israeldar, bi ingeles eta alemaniar bat. Lehen egunak izan ziren gogorrenak. «Ez genekien zergatik bahitu gintuzten, zer egin nahi zuten gurekin, nortzuk ziren... Gainera, asko ibili behar izan genuen, eta jateko gutxi ematen ziguten».

Handik egun batzuetara jakin zuten ELNko kideak zirela, eta Santa Martako nekazarien egoera salatzeko egin zutela. «Horrekin lasaitu egin nintzen. Nik ezagutzen nuen Kolonbiako errealitatea, eta banekien zer esan niezaiekeen, eta zer ez. Kasu batzuetan aurre ere egin nien, eta horrek ika-mikak eragin zituen gure artean».

Kontraesan bat zuen buruan Huegunek. «Batetik, ikusten nuen bizitza izorratzen ari zitzaizkidala, baina, bestetik, jakitun nintzen nekazari haien egoeraz, eta nolabait ulertzen nuen. Hori kudeatzea ez zen erraza». Pixkanaka, bahitzaileekin harremana hobetuz joan zen. Euskaraz eguneroko bat idazten hasi zen, eta ez zioten trabarik jarri. «Niretzat, garrantzitsua zen, ezin nuelako barrua hustu ez bahitzaileekin eta ez gainontzeko bahituekin ere».

Bahituta zeuden beste lagunekin tratua ez zen erraza. «Nik bakarrik hitz egiten nuen gaztelaniaz, eta, nolabait, bitartekari lana egiten nuen bi aldeen artean. Baina israeldarrek ez zidaten sinesten, pentsatzen zuten gezurra esaten niela. Sator moduko bat nintzela uste zuten. Gainera, etengabe bahitzaileei aurre egiten saiatzen ziren. Oso jarrera bortitza zuten».

Hilabete eta erdira esan zietenaske utziko zituztela lehen aldiz. Huegun: «Bahiketa astebeteko kontua izango zela uste genuen. Baina behin eta berriz esaten ziguten, segurtasunagatik, ezin gintuztela edonon utzi. Gure bizitzek asko balio zutela zioten, eta leku ziur batean utzi behar gintuztela. Gauza bakarra eskatu nien: uzteko gurasoei deitzen, ondo nengoela esateko. Nik banekien ondo nengoela, baina gurasoek ez. Eta ziurrenik bahiketa egunak gogorragoak izango ziren lagunentzat eta senideentzat, niretzat baino». Ez zioten utzi. Jakitun zen zentzugabea zela ihes egiten saiatzea. «Nik dudan orientazio txarrarekin, oihan hartan galdu egingo nintzen. Eta beste talderen batek bahitzeko arriskua zegoen», azaldu du Huegunek.

Bahiketak hedabideetan izandako oihartzunak harritu zuen gehien Huegun, irteterakoan. «Nik bizi izan ez nituen gauza batzuk kontatzen zituzten zenbaitzuek».Horri lotuta, eta Udabe kazetaria izanda, hemengo egunkariek bahiketaren inguruan ateratako tituluak bildu dituzte liburuan.

Kolonbiako egoera

Kolonbiako gatazkaren hainbat xehetasun eman dituzte. «Irakurleak zantzu batzuk jasotzen ditu gertatzen denaz», nabarmendu du Udabek. Hastear dira gobernuaren eta gerrillarien arteko bake elkarrizketak. Luze joango direla uste du Huegunek. «Gatazka oso nahaspilatsua da, eta luze joan liteke. Baina, elkarrizketaren bidez baino ez da lortuko konponbidea».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.