UNIBERTSITATEA

Goi mailako ikasketak euskaraz egiteko aukera berma dezala eskatu diote NUPi

Guraso talde batek galdetegia igorri die Iruñeko bigarren hezkuntzako institutuetako familiei. 397k egin dute euskaraz ikasten segitzeko aukeraren alde (%97,3).

Selektibitate azterketak NUPen. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Ion Orzaiz.
2016ko ekainaren 1a
08:23
Entzun

Gaur egun, Magisteritzakoak dira NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan osorik euskaraz egin daitezkeen ikasketa bakarrak. Hala izan da 1987az geroztik. Ordutik, aldaketa demografiko eta soziolinguistiko sakonak gertatu dira Nafarroan, baina unibertsitateko eskaintzak apenas egin duen gora. Hori guztia kontuan har dezatela eskatu die guraso talde batek unibertsitateko errektoretzako kideei, NUPek 2016-2019 aldirako prestatu duen Plan Estrategikoa aplikatzeko tenorean.

Plan horretan, unibertsitateak aitortzen du selektibitate azterketa gainditzen duten ikasle nafarren %30 Nafarroatik kanpoko unibertsitateetan matrikulatzen direla, eta horren arrazoietako bat hizkuntza aukera izan daitekeela. Hala ere, ez du datu zehatzik ematen.

Gabezia hori nolabait betetzeko asmoz, Iruñeko guraso talde batek inkesta igorri die bigarren hezkuntzako institutuetako familiei, "lagin txiki bat" edukitzeko asmoz. Guztira, 408 gurasok eman dute erantzuna. Honakoak dira datu esanguratsuenetako batzuk:

Nahi duzu zure seme-alabek euskaraz ikasten jarraitzea?

Lehen galderari ia guraso guztiek eman diote baiezkoa: 397 familia (%97,3) azaldu dira goi mailako ikasketak ere euskaraz egitearen alde. Bakar batek esan du aukera horren kontra legokeela, eta gainontzekoek (10 familia) ez dakitela adierazi dute.

Iruñean erdaraz ala beste nonbaiten euskaraz?

Iruñerriko gurasoei galdetu diete ea goi mailako ikasketak egiteko garaian hizkuntza ala hurbiltasuna lehenetsiko luketeen, aukeratu behar izanez gero. Gehiengo estu batek (%57,84) erantzun du nahiago lukeela seme-alabak kanpora bidali, euskaraz ikasteko aukera izan dezaten. %38,72k, berriz, Iruñean gelditzeko aukera lehenetsiko lukete, euskara sakrifikatuta.

Zergatik?

Bigarren galderaren arrazoiak ere ikertu dituzte gurasoek. Hala, erdarazko hezkuntza hautatu duten 158 gurasoen artean, 119 dira "arrazoi ekonomikoak" aipatzen dituztenak (%75,31). Aldiz, ikasketak Iruñetik kanpo eta euskaraz lehenetsiko lituzketeen %100ek "hezkuntzari lotutako arrazoiak" nabarmendu dituzte.

Egungo eskaintza nahikoa al da?

Gaur egun, goi mailako ikasketetako euskarazko eskaintza nahikoa ote den galdetu diete Iruñerriko familiei. 345ek ezetz uste dute (%84,55); 46k uste dute baietz (%11,27) eta 17k ez dakite (%4,16).

 

Datu horiek guztiak kontuan izanda, inkestaren egileek deia egin diete Nafarroako Gobernuari eta NUPeko errektoreari, inkesta zorrotz eta zabalagoak "baliabide guztiekin" egin ditzaten. "Orain arte halakorik egin ez bada, interes handirik egon ez den seinale".

Horrez gainera, larunbat honetako manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. "Uste dugu beste arrazoi bat gehiago dela hau, ekainaren 4ko manifestaziora joateko. Gure seme-alabek goi mailako hezkuntza ere euskaraz eduki dezaten bermatzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.