Autopista elektrikorik ez lelopean 300 herritar inguru elkartu dira eguerdian Ordizian, Nafarroako Deikaztelu eta Gipuzkoako Ezkio-Itsaso herrien artean REE Red Electrica de España enpresak egin nahi duen goi tentsioko linearen aurka protesta egiteko. Manifestazioa egin dute Ordiziatik Beasainera, salatzeko linea horren beharrik ez dagoela eta kalte ekologikoak eragingo dituela.
Eskualdeko herri askotako bizilagunak bertaratu dira, batez ere proiektua eragina izan dezakeen herrietakoak. Nafarroako talde bat ere bildu da protestara. 200 bat herriri kalte egingo diela esan du Gorka Maizek manifestazioaren antolatzaileen izenean. Proiektuaren inguruko informazioa lortzeko modurik ez dutela kritikatu du, eta "ezkutuan" aritzea egotzi dio REEri.
Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak irakurri du agiria, amaieran.Adierazi duenez, “horrelako ekintzen bitartez” lortuko da “azkenean” proiektua geldiaraztea. Beasaingo plazan irakurri dute agiria, eta bost aldarrikapen nagusi zabaldu dituzte. Lehena, proiektua geldiaraztearen garrantzia dela azaldu dute, “osasunean, jarduera sozio-ekonomikoan, turismoan eta babestutako ondarean izan dezakeen eraginagatik”. Proiektuak “inolako justifikaziorik” ez duela gaineratu dute.