Gizartea

Goiak adierazi du migratzaileei harrera egiteko ardura ez dela Irungo eta Donostiako udalena bakarrik

Donostiako alkatearen esanetan, udalek neurriak hartu behar dituzten arren "ez da proportzionala" bi udalen bizkar uztea egoerari erantzuna emateko ardura. Nabarmendu duenez, auziak "ikuspegi integral eta globala" eskatzen du.

Eneko Goia Donostiako alkatea, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ, FOKU
2018ko abuztuaren 7a
07:13
Entzun

Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga zeharkatzeko ahaleginean, dozenaka migratzaile ari dira Donostian eta Irunen egunak eta gauak igarotzen. Batzuk muga gainditzeko zain daude; beste batzuk, berriz, saiatu dira eta indarrez itzularazi dituzte. Hainbat eragilek salatu dute erakunde publikoek ez dietela gutxieneko arretarik eskaintzen migratzaile horiei. Eneko Goia alkateak kritika horiei erantzun die gaur, prentsaurreko batean, kazetariek gaiari buruz galdetuta. Goiaren esanetan, udalek neurriak hartu behar dituzten arren ezin zaie Donostiako eta Irungo udalei leporatu egoeraren ardura. "Halako arazo baten erantzuna Donostiako eta Irungo udalen bizkar uztea ez da proportzionala".

Egoerak "ikuspegi integral eta globala" eskatzen du, Goiaren iritziz. Ohartarazi du "askoz ere zabalagoa" dela arazoa, eta Espainiako Estatu osoari eragiten diola.

Goiak adierazi du ona dela euskal erakundeek egoerari eman dioten erantzuna, eta nabarmendu du udalak harreman ona duela Gipuzkoako aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin. Aldiz, zalantza agertu du estatuak auziari heltzeko duen antolakuntza mailari buruz.

Donostiako Udala, Gipuzkoako Aldundia eta Jaurlaritza elkarlanean ari dira, Goiaren esanetan, egoerari jarraipena egiteko eta sor daitezkeen behar berriei erantzuteko. Ildo horretan, migratzaileentzako aterpeetan gehienezko egonaldia bi egunetik bostera luzatzeko aukera aipatu du. Hala egiteko eskatu zioten, atzo, migratzaileei harrera egiteko sareak eratu dituzten hainbat eragilek.

Eragile horiek ohartarazi dute Irungo geltokian 30 pertsonak baino gehiagok egin zutela lo herenegun Irungo tren geltokian. Eta salatu dute egun batetik bestera alde egiteko agindu dietela 40 lagun ingururi Gurutze Gorriak Donostiako Zorroaga auzoan kudeatzen duen aterpean.

Goiak erantzun du eragileen kritika ez datorrela bat datuekin. Zorroagako aterpean atzo hamar pertsonak pasatu zuten gaua, alkatearen esanetan. "Zentroak duen ahalmenaren barruan gaude".

Donostiako alkateak gogorarazi du migratzaileentzako bi aterpe daudela Gipuzkoan; bata, Irunen, eta bestea, Donostian. Bakoitzak 25 lagun hartzeko ahala du, eta 70 lagun hartzeko aukera ere badute, ezohiko egoera bati erantzuteko beharra balego.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.