Zigor Goikoetxea gazte getxoztarra baldintzarik gabe espetxeratzeko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Andreu epaileak, Marisa Arrue PPko zinegotziari "hiltzeko mehatxua" egin eta horrenbetez "agintariari atentatua" egin ziolakoan. Sei urteko kartzela zigorra ezar diezaiokete Goikoetxeari delitu horren egiletzat jotzen badute. Askatasunak salatu du Getxoko (Bizkaia) gaztearen kontrako froga bakarra PPko zinegotziaren deklarazioa dela, eta ez dagoela ez lekukoren ez polizien deklaraziorik. Goikoetxearen abokatuak adierazi du fiskalak haren kontrako espetxeratzea eskatzeko hura Arkaitz Goikoetxearen -ETAren Bizkaia talde-ko ekintzailea zelakoan atxilotua, uztailean- anaia izatea eta Arrue PPko zinegotzia izatea hura auzipetzeko elementu gisa erabili izanak ez duela "ez hanka ez bururik".
Marisa Arrue Getxoko zinegotziak gaur deklaratu du Auzitegi Nazionalean, goizeko hamarretan hasi eta ordu erdiz. Funtsean, Zigor Goikoetxearen kontrako salaketa berretsi du: hots, hilaren 10ean Algorta auzoko jaietan azoka batera PPko hautetsiek egin zuten bisitan Goikoetxeak iraindu eta mehatxatu egin zuela. Areago, "bost urte baino lehen" hiltzeko mehatxua egin ziola. Gainera, Arruek azpimarratu du hilaren 10ekoa ez zela izan Goikoetxeak halako mehatxuak egiten zizkion lehen aldia.
Atzo Goikoetxea akusatuari hartu zion deklarazioa Fernando Andreu epaileak. Gazteak ukatu egin zuen Arrueri heriotza mehatxurik egin ziola. Hala ere, Goikoetxea badaezpada 72 ordurako espetxeratzeko agindu zuen epaileak, PPko zinegotziari deklarazioa hartu bitartean. Arruek salaketa berretsi duenez, neurria gogortu eta baldintza gabeko kartzelatzea agindu du Andreuk.
Gainera, Arrue zinegotzia izaki, atentatu delitua leporatu dio, eta arestian aipatu bezala, 6 urterainoko espetxe zigorra ezar diezaiokete.
Auzi horren lekukotasunak Garzon epaileari helarazteko eskatu dio Fiskaltzak Andreu epaileari. Goikoetxea baldintzapean aske zegoen, osasun arazoengatik. Ustez kale erasoetan parte hartzeagatik atxilotu zuten 2007an, baina gaixo zegoela eta, Garzonek aske utzi zuen, 6.000 euroko bermea ordaindu eta gero. Garzonek oraingo auzian delitua ikusten badu, Goikoetxea espetxeratzeko eskatzen ahalko du.
"Eraso mediatikoa"-ren aurrean, mobilizazioetarako deia
Beste eraso mediatiko bat dela uste du Askatasunak, eta salatu du Euskal Herriak duen "salbuespen egoeran" eguneroko ogi bihurtu direla. "Alderdi politikoek, komunikabideek eta auzitegiek eskuz esku daramaten kasu berri baten aurrean gaude". Azoka batean politika batzuen aurrean egindako protesta horretaraino iristea erakusten du Espainiako Gobernuak errepresioan itsuturik dagoela, Askatasunaren arabera. "Denak balio du independentziaren aldeko borroka amaitzeko gurutzadan".
Horiek hala, "errepresioaren aurrean mobilizatzen jarraitzeko" deia egin du presoen aldeko erakundeak. Besteak beste, gaur arratsaldeko 20:00etarako elkarretaratzea deitu du Getxoko Algorta auzoan, Telletxen.
Politika
Goikoetxea baldintza gabe espetxeratzeko agindu du epaileak, Arruek salaketa berretsi ostean.
Agintariari atentatu delitua leporatu dio Getxoko gazteari, eta, ondorioz, 6 urteko espetxe zigorra ezar diezaiokete. Askatasunak salatu du 'froga' bakarra PPko zinegotziaren deklarazioa dela, eta ez dagoela ez lekukoren ez polizien deklaraziorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu