politika

Goikoetxea: "Ez dut dimisioa emango; jarraitu egingo dut"

"Esku hartzea" leporatu dio Idoia Nieves Nafarroako Ogasun zuzendari ohiak Lourdes Goikoetxea Ekonomia kontseilariari. Goikoetxeak agerraldia egin du Nievesek esandako guztiak ukatzeko. "Beharrezko ekinbideak" zabalduko ditu NIevesek jarreraren kontra. Oposizioak kontseilariaren eta Barcina presidentearen dimisioa eskatu du. Joxerra Senar kazetariak zuzenean kontatun du bi agerraldietan gertatutakoa.

Idoia Nieves azalpenak ematen, gaur. IñIGO URIZ, ARP
2014ko otsailaren 11
20:20
Entzun

"Ez dut onartuko pertsona zapuztu batek auzitan jartzea nire ohorea, ezta Ogasuneko langileena ere", esanez erantzun die Lourdes Goikoetxea Ekonomia kontseilariak Idoia Nieves Ogasun zuzendari izandakoak leporatutakoei. Goikoetxeak ukatu egin ditu Nievesek bere kontra egindako salaketa guztiak. "Gobernuari erasoa" dela uste du, eta hark esandakoak egia balira duela bi urte utzi behar zukeela Ogasun zuzendari kargua. "Dimisioa eman zuen soilik kargutik kenduko zutela jakin zuenean".

Aztertu egingo du "sakonean" Nievesen agerraldian gertatu dena, eta "behar diren neurriak hartu", baina ekinbide judizialik bideratzeko "goizegi" dela uste du, lehenago "ongi aztertu behar" duela Nievesen agerraldian gertatutakoa. Ikerketa batzordea eskatuko du oposizioak, eta horren aurrean, "baloraziorik egiteko goizegi" dela uste du.

Idoia Nieves Ogasun zuzendari ohiak kargua uzteko arrazoiak azaltzera joan da Nafarroako Parlementuko lan taldera, eta inork uste baino urrunago joan da esandakoetan: "Harrituta" utzi ditu oposizioko ordezkariak, izan ere, Nievesek kontatu duenak Lourdes Goikoetxea auzitan jarri ez ezik, Yolanda Barcina ere ez du leku onean utzi. Kontseilariak Ogasuneko lanean "esku hartze iraunkorra" egin izana salatu du, Ogasunaren ikuskatzea oztopatu nahi izana, nahiz eta saiakeran soilik geratu diren, "Ogasunak independentzia mantentzen jakin duelako".

Nievesek kontatu duenez, kontseilariak hainbat bezeroren datuak eskatu zizkion bazkaloste batean, eta nabarmendu du "kasu bakarra ez" dela izan. 2012ko uztailean "oztopatzen saiatu zen aurreikusita zegoen ikuskaritza bat", eta beste batean eskatu zion "ongi tratatzeko" enpresa bat. Nievesek errepikatu due "hainbat aldiz" jokatu nahi izan zuela Goikoetxeak bezeroen alde.

Nafarroako Kutxako deklarazioen kopia bat ere eskatu zion "data ahalik eta zaharrenetik abiatuta", zeinetan "langile eta kontseilari guztiek zenbat kobratzen zuten ezagut zitekeen". Hori dena "presidentearen interesetan".

Nievesek karguan dimisioa emateko beste arrazoi batzuk ere aipatu ditu, besteak beste, BEZa itzultzeko data atzeratzeko erabakia, 2012ko defizitaren helburua betetzeko asmoz, horrek zerga-ordaintzaileei eta Nafarroari oro har eragiten zien kalteagatik. 2012, 2013 eta 2014ko aurrekontuen kudeaketarekin ere ez zegoela ados esan du.

Oposizioak ikerketa batzordea eskatuko du; salaketen "larritasuna" azpimarratu du, eta Goikoetxea zein Yolanda Barcina Nafarroako presidentearen dimisioa eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.