KRISIA NAFARROAKO GOBERNUAN

Goikoetxeak ukatu egin du Nievesi Inspekzio Plana eskatu izana

Nafarroako Ekonomia kontseilaria Idoia Nieves Ogasun zuzendariak leporatutako guztiak ukatu ditu. Bihar jarraituko du saioak, 10:00etan, eta 16:00etara atzeratu dute Yolanda Barcinaren agerraldia. Joxerra Senar kazetariak zuzenean jarraitu du Goikoetxea Ekonomia kontseilariarena.

Lourdes Goikoetxea legebiltzarrera iristen. IñIGO URIZ, ARP
Berria.info
2014ko otsailaren 24a
22:42
Entzun

 

Gaur zortzi osatu zuten Nafarroako Parlamentuan ikerketa batzordea, Idoia Nieves Ogasun zuzendari ohiak Lourdes Goikoetxea Ekonomia kontseilariaren kontra eginiko salaketak egiaztatzeko —Goikoetxeak bere bezeroei zerga inspekzioa egitea galarazi nahi izan zuela esan zuen Nievesek—. Ostiralean ekin zieten agerraldiei, eta Nieves bera izan zen lehena.

Arratsaldean iritsi da Nievesek leporatutakoak argitzeko Lourdes Goikoetxearen agerraldia, eta UPNk egindako galderei erantzun die lehenik. Leporatu dizkioten guztiak ukatu ditu, baina onartu du, Ogasun departamentuarekin eta Yolanda Barcina presidentearekin prestatu duela gaurko agerraldia. Oposiziokoen galderak iritsi direnean urduri jartzen hasi da.

Bestela, BEZaren dirua itzultzeko atzerapena Idoia Nisvesekin berarekin hitzartu zuen 2011n, esan duenez; horrez gain, ez zuen legez kanpoko jarrerarik izan zerga ordaintzaileekin, ez zion inori "tratu berezirik" eman, ezta kontseilari izan aurretik aholku zerbitzua ematen zien bezeroei ere, eta CANeko kontseilarien datuak ere ez zituen eskatu. Politikan, berriz, "gizarteari zerbitzua eman" ziezaiokeela uste zuelako sartu zela dio. Barcinarekin inspekzioei buruz hitz egin zuenik ukatu du, eta CANi buruz askotan aritzen zirela onartu. Consevas Alamanqueren kasuan, azaldu du "gizatasun arrazoiengatik" atzeratu zuela inspekzioa.

PSNk, galderen txanda bukatzean, eskatu du Fiskaltzari bidaltzeko Goikoetxeak esandakoa, "influentzia trafikoagatik" delitua egin duela iritzita. Bildu hasi da hurrena galderak egiten, baina eten egin dute Goikoetxearen agerraldia, eta bihar goizean jarraituko du. Ondorioz, 16:00etara atzeratu dute Yolanda Barcina presidentearena.

Aranaren agerraldia

Goikoetxearen aurretik Manuel Aranak deklaratu du, Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari ohiaren bigarrenak. Aranak ere dimisioa eman zuen Nievesen ondoren, esan duenez, ez zutelako aintzat hartu zuzendari postuan jartzeko, eta baztertu egin zuten. Berretsi egin du Nievesek esandakoa, alegia, Nievesek jakinaren gainean jarri zion Lourdes Goikoetxeak Inspekzio Plana eskatu ziola, eta NIevesek ezezkoa eman ziola. Arana "harritu" egin zuen Goikoetxearen eskaerak, baina ez daki Nievesek esandakoa egia den; kontrakorik pentsatzeko argudiorik ere ez du, izan ere, Aranaren ustez, Nievesek bere lanean "zuzen" jokatu izan baitu beti. Aranak, ordea, ukatu egin du prebarikazioa egon dela jakin izana.

Deklaratu behar zutenekin gobernuaren bilera

Goizean, berriz, Pedro Ugalde, Juan Franco eta Maria Jesus Valdemorosen txanda izan da. Hirurek onartu dute Barcina, Goikoetxea, Muniain, Garcia Adanero eta komunikazioko teknikariekin bilerak egin dituztela gaurko agerraldiaren aurretik, baina hitzordu horiek agerraldia prestatzeko egin ziren galderari zeharbidetik erantzun diote.

Pedro Ugalde  Ekonomia eta Ogasun departamentuko idazkari nagusi teknikoak hasi du ikerketa batzordearen saioa, eta argi utzi duenez, "irregulartasunak" egon dira hainbat auzitan. Lourdes Goikoetxeak Ogasun departamentua gainbegiratzeko eta kontrolatzeko ahalmena badu ere, xehetasunak ezagutzea ez da bere egitekoa, haren ustez, besteak beste, ez dagokio eskatzea Inspekzio Planeko eta Nafarroako Kutxako kontseilarien datuak. Idoia Nieves Ogasun zuzendariak Goikoetxeari leporatutakoak partekatu ditu modu horretara Ugaldek. "Gauza bat da Ekonomia kontseilariak ildo nagusiak ezagutzea, eta bestea, zerga ordaintzaile batzuen datu jakin batzuk eskatzea",

Ugalderen agerraldiaren ondoren Juan Franco Aurrekontuen zuzendari nagusiak hitz egin du. Haren ustez, BEZaren itzulketa atzeratzea "aukerarik txarrenetan onena" izan zen, gastua murriztu beharko litzatekeelako, hori egin izan ez balitz, eta ondorioak "askoz okerragoak" izango ziren. 

Politika Ekonomikoko zuzendari nagusi Maria Jesus Valdemorosek  gobernuaren jarrera babestu du, Nievesengan jarriz erruen fokua. Haren arabera, Nievesek berak proposatu zuen BEZaren itzultzea atzeratzea. Dena den, Valdemorosen ustez, BEZaren atzerapenak "ez du batere eraginik". Horrez gainera, baina, Nievesek "modu partzialean eta baimenik gabe erabili zituen hainbat dokumentu", berari ez baitzion jakinaren gainean jarri zuzendaritza nagusiko dokumentu batzuk erabiliko zituela Goikoetxea salatzeko.

Goikoetxearen txanda izango da, hala ere, gaurko interes fokurik garrantzitsuena, 17:30tik aurrera, eta bihar goizean, berriz, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak emango ditu azalpenak. Nievesek hilaren 11n eginiko salaketen egun berean, Goikoetxeak kargua bere alde erabiltzea ukatu zuen, eta "erabat harrituta" agertu zen.

Hilaren 11n eginiko salaketak berretsi zituen Nievesek ikerketa batzordeko agerraldian, eta azaldu defizitaren 2012ko xedea betetzeko Barcinak "kalte handia" eragin duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.