Dozenaka herritar bildu dira gaur iluntzean Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan. Igor Goikolea brigadistaren atxiloketa salatu dute, eta herrien arteko elkartasuna aldarrikatu.
Iragan ostiralean, Zisjordanian atxilotu zuten Goikolea, Palestinan, eta igandean kanporatu zuten Euskal Herrira. Berton egon arren, gaur ez da elkarretaratzera joan, baina gutun baten bidez esker ona adierazi du jasotako babesagatik.
Goikolea oso nekatuta dagoela jakinarazi zuten Askapenako kideek, eta egun batzuz atseden hartuko duela. «Oso une gogorrak bizi izan zituen, batez ere lehen orduetan».
Goikoleak berak, gutun bidez, azaldu du atxiloaldiaren une batzuetan guztiz bakartuta eduki zutela, begiak estalita eta eskuak eta hankak lotuta.
Hala ere, etorkizunera begiratu behar dela azaldu du Goikoleak gutunean: «Aurrera egin behar dugu, egunero herri zapalduei elkartasuna adieraziz».
Israelen kontrako boikota egitearen alde ere agertu da Goikolea. «Imajinatzen dena baino askoz handiagoa da gure eragina Palestinaren egunerokotasunean».
Askapenak «gogor» salatu ditu iragan ostiraleko lau atxiloketak. Zisjordaniako Al-Ma’sara herrian atxilotu zuten Goikolea, abuztuaren 16an. Manifestazio batean parte hartzen ari zen, eta bi palestinarrekin eta Italiako beste brigadista batekin atxilotu zuten.
Goikoleak berak aitortu zuen une txarrena atxiloketaren momentua izan zela, militarrek egin baitzuten, poliziek beharrean. Soldaduen aurka egin izana leporatu zieten atxilotuei.
Militarrek Israelgo Poliziaren esku utzi zituzten bi brigadistak, ez baitute atzerritarrak galdekatzeko eskumenik. Poliziak galdekatzen zuen bitartean, abokatua bertan egon zen.
Larunbatean askatu zuen poliziak brigadista italiarra, baina Askapenako brigadista beste egun batez atxiki zuten; beste karguren bat gehiagorengatik gau bat gehiagoz atxilo izan zutela azaldu zuten abokatuek. Hala ere, gaineratu zuten Poliziak «tratu ona» eman ziola atxikita eduki zuen bitartean.
Une honetan Euskal Herriko beste hiru brigadista daude Zisjordanian, eta bertan jarraitzeko asmoa berretsi dute egunotan.
Hain zuzen ere, brigadistek han egiten duten lanaren garrantzia nabarmendu du Askapenak. Lehen eskuko informazioa lortu eta zabaltzen dutela eta, palestinarren manifestazioetan parte hartuz, presioa handitzen dutela azaldu du Askapenak.