Miguel Colmenero Auzitegi Goreneko epaileak Iñaki Goioaga Amaiurreko senataria auzipetzeko baimena eskatu zion Senatuari, eta hark eman egin dio. 229 senatarik bozkatu dute horren alde eta bederatzik aurka; bi, berriz, abstenitu egin dira.
Epaitua izateko aukeraren aurrean, Goioagak esan du "oso lasai" dagoela, eta eskerrak eman dizkio ERCri boto partikularra emateagatik.
Eusko Legebiltzarrak izendatua da Goioaga, eta hala izaten jarraituko du Gasteizen parlamentu berria osatu arte. Auzitegi Nazionalak presoen abokatuen aurka irekia duen sumario baten barruan auzipetu nahi dute Goioaga.
Atzo, Goioagari babes instituzionala emateko eskatu zion Eusko Legebiltzarrari Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak. Foruduna da berez Goioaga, baina "talde terroristako kide" izatea egotzita epaituko dute, Espainiako Senatuak baimena emanik.