Gatazka politikoa

Goirizelaia: "Alderdi guztien artean diagnostiko bateratu bat egin behar dugu gatazka politikoa gainditzeko"

Jone Goirizelaia Sozialista Abertzaleak taldeko parlamentarioaren ustez, gatazka politikoa gainditzeko "ezinbestekoa" da alderdi politiko guztien artean mahai gainean dauden proposamen politiko guztiak aztertu eta "diagnostiko komun bat" egitea, "oinarri bezala Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea hartuta". Ezker abertzalea eztabaida guztietan parte hartzeko "borondatea osoa duela eta beti izan duela" azpimarratu du, "nahiz eta zenbait erakundetan ezin dugun parte hartu". Halaber, Batasunaren ilegalizazioak "bere ondorioak" izan dituela nabarmendu du, "baina egunerokotasunean ikusten da hori, kalean eta proposamenak egiten jarraitzen baitugu".

2003ko azaroaren 27a
13:48
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren proposamenari emendakinik jarriko dioten ala ez zehaztu gabe utzi du Jone Goirizelaia SA taldeko parlamentario eta abokatuak. "Gu eztabaida guztien alde gaude, ez dugu eztabaida sekula ukatu ezta ukatuko ere". Goirizelariaren esanetan, ez da soilik proposamen politikoak aurkezteko garaiak, "baizik eta mahai gainean dauden proposamen guztiak bildu eta aztertu eta gero, diagnostiko komun bat egin behar dugu alderdi guztien artean gatazka politikoa gainditzeko, betiere, oinarri bezala herri honen autodeterminazio eskubidea aintzat hartuta".

Batasunaren ilegalizazioaz ere galdetu diote Radio Euskadin Goirizelaiari, ea zenbateraino nabaritu den. SAko legebiltzarkidearen esanetan, eguneroko lanak erakusten du errealitatea. "PPk eta PSOEk gu desagertzea nahi zuten, baina egunak aurrera joan ahala gero eta proposamen gehiago jarri ditugu mahai gainean, eta hor dago Anaitasuneko adierazpena", zehaztu du. Adierazpen hori dela-eta, alderdi politiko eta eragile sozialekin bilerak izan dituztela nabarmendu du, eta denen artean ondorio batera iritsi direla argitu; "Euskal Herriak herri bezala eskubideak ditu, eta eskubide horiek oinarri hartuta guztiok nahi dugu gatazka politiko gainditu".

Plataformak legez kanpo

Batasunaren ilegalizazioaren ondotik etorri den konturik "kaltegarriena" nazio mailako eta herrietako plataformen ilegalizazioa izan dela adierazi du Goirizelaiak. "Ez dago Europan beste herririk herritarrek aukeratu dutena erakundeetan islatzen ez denik. Hori da egoeraren arazorik larriena", azpimarratu du. Hala ere, Bizkaiko AuBko ordezkariak Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria Ana Madariagaren idazkariarekin izan zirela atzo esan du, "eta antza denez, datorren astean bilera bat egingo dute".

Datorren urteko martxoan Espainiako Gobernurako hauteskundeak daude, eta Goirizelaiak hauteskunde horietan "herri bezala" parte hartu behar dela esan du, "herri bezala Espainiari erantzun sendo bat emanez".

Ipar Irlandako hauteskundeak direla-eta, Sinn Fein alderdiarekin identifikatzen oten den galdetu diote SAko legebiltzarkideari, eta Ezker abertzaleak egin duen lana Sinn Feinek egindakoarekin parekatzen dela azpimarratu du. Hala, Ipar Irlandan emandako bake prozesua izan du gogoan, eta Euskal Herrirako "adibide egokia" dela nabarmendu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.