Trafikoa

Goiz gorabeheratsua errepideetan

N-1 itxita egon da Villabona parean, auto batek eta kamioi batek elkar jo ondoren. NA-1310 errepidea ere itxi egin behar izan dute Beran, bi kamioik izandako istripuagatik. Bi lagun zauritu dira ezbehar horietan. Euriaren ondorioz istripu txiki asko gertatu dira.

2010eko abuztuaren 24a
14:47
Entzun
Euriaren eraginez, goiz gorabeheratsua izan da gaurkoa errepideetan. Hainbat puntutan gertatu dira ibilgailuen arteko talka eta bidetik ateratzeak, eta trafiko arazoak izan dira han eta hemen.

Istripu handi samarrak ere gertatu dira. Esaterako, goizeko bederatziak hogei gutxi inguruan auto batek eta kamioi batek elkar jo dute N-1 errepidean, Villabona (Gipuzkoa) parean, eta talkaren ondorioz lagun bat zauritu da. Gainera, auto ilarak eragin ditu kamioia trabeska geratu baita, eta hasiera batean errepidea guztiz itxi egin behar izan baitute Lapurdirako noranzkoan. Bederatziak inguruan eskuineko bidea irekitzea lortu dute, baina ordurako bi kilometrokoak ziren ilarak. Nolanahi ere, hamar eta erdiak ingururako bere onera etorria zegoen.

Beranduago, goizeko hamarrak pasatxo zirela istripu handia gertatu da Beran (Nafarroa), NA-1310 errepideko 4. puntu kilometrikoan: bi kamioik elkar jo dute, eta gidarietako bat ibilgailu barruan harrapatuta geratu da. Suhiltzaileen hiru taldek eta bi anbulantziak parte hartu dute salbamendu lanetan, eta hamaikak eta laurden inguruan lortu dute kamioi gidaria ateratzea. Pronostiko erreserbatko zauriak ditu. Errepidea itxi egin behar izan dute kamioiak traban geratu direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.