Familia berekoak dira Elizondon intoxikatu diren sei lagunak (Nafarroa). Iruñeko Nafarroako Ospitalera eraman dituzte, eta han ingresatu, baina ez daude larri. Intoxikatuetako batek deitu du larrialdietara, goizaldeko 01:43tan, etxeko kideek intoxikazio zantzuak zituztela azalduz. Guardiako medikua eta suhiltzaileak joan dira intoxikazioaren lekura, eta gas hornidura moztu eta etxea aireztatu dute.
Gasteizko suhiltzaileek gaur jakinarazi dutenez, ikatz sutontzi batek eragin zuen ezbeharra Gasteizen, atzo. Zumakera pasealekuko etxe batean gertatu zen, eta, arnastutako monoxidoaren ondorioz, ospitaleratu egin behar izan zituzten heldu bat eta haur bat. Suhiltzaileek egiaztatu zuten oxigeno gutxi zegoela han.