Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza Frankismoko torturatzaileak atxilotzearen aurka azalduko da gaur. Javier Zaragoza buru duen sailak idatzi bat aurkeztuko du gaur Auzitegi Nazionalean, argudiatuz Argentinako Justiziak estradizioa eskatutako lau torturatzaileen badaezpadako atxiloketa ez dela "bidezkoa", gertakariak "aspaldikoak" direlakoan.
Maria Servini Argentinako epaileak Jesus Muñecas Aguilar, Celso Galvan Abascal, Jose Ignacio Giralte eta Juan Antonio Gonzalez Pacheco Billy el Niño Frankismo garaiko poliziak atxilotzeko eta estraditatzeko eskatu zuen, Frankismo garaian egindako torturen inguruan galdeketa egiteko.
Efe agentziak zabaldu duenez, fiskalak argudiatu du Servini epaileak emandako atxilotze agindua ez dela "nahikoa". Nolanahi ere, iragarri du ez duela egingo laurak estraditatzearen aurka. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak atxiloketa agindua jaso dutela baieztatu eta Auzitegi Nazionalaren esku utzi dutela esan besterik ez du egin.
Goldaturen erantzuna
Fiskalak aipatutako arrazoien aurka zer argudiatuko duen iragarri du Goldatu elkarteak. Amnistiaren Espaniako Legeak Argentinako Justizian ez duela eraginik eta, beraz, Espainiak epaiketa ez egitekotan Argentinara estraditatu behar dituztela uste du Goldatuk. Bestalde, ohartarazi du gizateriaren aurkako krimenak ez direla preskribatzen.
Egotzitako krimenen larritasuna nabarmenduko du Goldatuk, badaezpadako atxiloketa "neurri egokiena" dela argudiatzeko.