Gizarte Foroaren gomendioak bere "osotasunean" onartzeko aldarria egin du Aralarrek, eta hori betetzeko eskatu die gainerako alderdiei. "Dena da aintzat hartzekoa eta gauzatua izan dadin saiatzekoa", adierazi dute alderdiko koordinatzaile nagusi Patxi Zabaletak, antolaketa arduradun Rebeka Uberak eta koordinatzaileorde Dani Maeztuk. Orain aurrean duten "gakoa" gomendio horiek bete daitezen saiatzea eta lan egitea dela nabarmendu dute.
Eta Espainiako eta Frantziako estatuek duten "immobilismoaren aurrean" eragile guztien inplikazioa beharrezkotzat jo dute.
PPk eta PSOEk edukian sartu nahi izan ez dutela uste du Aralarrek, eta ordezkariek esan dute hori egin dutela gomendioak "giza eskubideetan oinarriturik daudelako, eta, horren ondorioz, ezinezkoa zitzaielako aurkako arrazoiak azaltzea". EAJri borondatea azaltzeko eskatu dio, gomendioekin ados dagoela esan duenez, "urrats argigarriak" emateko.