'Parot doktrina

Gomez Bermudez: "Zuzendu nahi zena baino injustizia handiagoa egin da"

Javier Gomez Bermudez Donostian izan da, eta Parot doktrina “justua” zela nabarmendu du. Hala ere, Estrasburgoren ebazpena “zalantzarik gabe” bete behar dela adierazi du, eta Auzitegi Nazionalak eta Auzitegi Gorenak berriki hartu dituzten erabakiak “akatsik gabeak” direla.

jokin sagarzazu
2013ko azaroaren 15a
17:54
Entzun

“Hanka sartze handi bat da”. Javier Gomez Bermudez Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailek ez du bat egiten Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot doktrina bertan behera uzteko erabili dituen argudioekin. Doktrina “justua” zela dio, baina kritikatu du Estrasburgok “uste faltsu” batean oinarrituta abiatu izana erabakia. Adierazi du, gainera, “abagune jakin batek” eragin duela ebazpena. “Sukalde lan handia” dagoela atzean, eta hori ez dela "ona". Dena den, epaia derrigor bete behar dela esan du Gomez Bermudezek, eta azpimarratu du Auzitegi Nazionalak eta Auzitegi Gorenak berriki hartu dituzten erabakiekin bat egiten duela, “akatsik gabeak” direlako. Gipuzkoako Abokatuen Elkargoak antolatutako mintegi batean parte hartu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, Amaia Izko abokatuarekin batera.

Doktrinaren sortzaileetako bat izan zen Gomez Bermudez, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epailea zenean. Orduan erabaki zuen delitu bat baino gehiago zuten 1973ko Zigor Kodearekin epaitutako presoen kasuentzako zigor kode horren interpretazio “justuago” bat egin behar zela —frankismo garaiko kodea zela nabarmendu du, eta horren interpretazio "baikorregia" egin zela, diktaduraren osteko lehen urteetan bereziki—. Hori hala, esan du kodea aldatzea edo “beste egoera batera” egokitzea erabaki zuela, zigor kode horretan aurreikusten ziren zenbait aukera “legearen kontrakoak” zirelako: ezohiko erredentzioak, kasu. Halaber, ukatu egin du atzerako eraginaren printzipioa urratu izana, “jurisprudentzia ez delako legea, eta kasu horretan ezin delako interpretazioen atzerako eragina aplikatu”.

Gomez Bermudezek ukatu du, halaber, doktrinaren sortzea "inposizio politiko" bat izatea, Izkok aurretik esandakoari erantzunez. Baina adierazi du botere legegilearen “jarduerarik ezak” eramaten duela askotan epaileek “interpretazio berriak" egitera. Hartutako erabakia defendatu du, baina aitortu du epaileek “hanka sartzeak” egiten dituztela “legeak egiten” aritzen direnean.

Aurretik mintzatu da Amaia Izko, Ines del Rioren abokatua. Azpimarratu du “presio politikoengatik” sortu zela doktrina. “Etsaiaren aurkako zuzenbidean” oinarritzen dela gehitu du, eta “Talionen legea” balitz bezala ezarri dela, sistematikoki euskal presoen kasuan. Salatu du, halaber, Espainiako auzitegiek ez zutela atzera egin Estrasburgok lehen ebazpena kaleratu zuenean, “iltze bati bezala” heldu ziotelako gobernuak esandakoari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.