Politika

Gonbidapenik izan ezean, ez dela beste alderdien ekitaldietara joaten erantzun dio Urizarrek Romerori

Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusien presidenteak atzo Isaias Carrascoren hilketaren urteurrenean EAko idazkaria non dagoen galdetu zuen. Urizarrek ETAren biktimei egiten zaizkien omenaldietan parte hartu ohi duela esan du, eta bere ibilbide demokratikoa auzitan jartzea penagarria dela.

2011ko martxoaren 7a
12:39
Entzun

Pello Urizar Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak erantzun egin dio gaur Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusien presidenteari. Romerok atzo, Isaias Carrascoren hilketaren hirugarren urteurrenaren ekitaldian (gaur betetzen dira hiru urte), Urizar non dagoen galdetu zuen. EAko idazkariak gaur esan dio ez dela beste alderdien ekitaldietara joaten gonbidatzen ez badute. Gainera, ETAren biktimen omenaldietan parte hartu ohi duela adierazi du, eta Fernando Buesa eta Jorge Diezen hilketak gogoratzeko ekitaldia jarri du adibide. Urizarren hitzetan, "penagarria da" bere ibilbide demokratikoa auzitan jartzea.

"Espreski gonbidatzen ez bazaituzte, ulertzen da familiak horrela nahi duelako dela; ezin du bestela izan, omenaldia edo ekitaldia aukeratutako moduan ospatzea errespetatzen da", adierazi du. Isaias Carrascoren hilketaren urteurren ekitaldian nor dagoen gonbidatuta jakitea Romeroren ardura dela esan du Urizarrek ondoren, eta duen karguagatik ekitaldia beste alderdien gainean zalantza sortzeko erabili izana salatu du. Urizarrek esan du bere ibilbidea zalantzarik gabekoa dela giza eskubideei dagokionez, "PSOErena baino garbiagoa".

Eusko Alkartasunak elkartasuna adierazi dio Carrascoren sendiari, eta Arrasateko zinegotzi ohiaren hilketa "Euskal Herritik betirako amaitu beharreko biolentziaren zentzugabekeriaren adibide bat" dela esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.