Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Gonzalez: «Bakea ez da indarkeriarik eza, elkarbizitza artikulatzea baizik»

Lopezek dio Rubalcaba bakea kudeatzeko «bermea» dela, eta botoaren «indarra» baliatzera deitu du

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2011ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Krisiaz hitz egin nahi zuela esan, eta labur mintzatu zen bakegintzaz. ETA aipatu gabe, baina argi, leun, berbak astiro ahoskatuz: «Bakea ez da indarkeriarik ez egotea. Besteen askatasunean eta errespetuan oinarritutako elkarbizitza artikulatzea da bakea». Espainiako Gobernuko presidente ohi Felipe Gonzalez baikor agertu zen atzo eguerdian Bilbon, PSE-EEren ekitaldi nagusian, bakeranzko lehen pausoa emanda dagoelakoan, eta alor guztietan eragingo duelakoan: «Krisia gainditzeko, adore, itxaropen eta konfiantza injekzioa ekarriko du indarkeriarik ezak».

Patxi Lopez lehendakariarekin eta Eduardo Madina Bizkaiko zerrendaburuarekin partekatu zuen Gonzalezek ekitaldia. Beste biak labur jardun zirela eta, denbora hartu zuen gobernuburu ohiak: paperik gabe atera zen jendaurrera, eta ia ordubeteko hitzaldia bota zuen. Eskuetako bat jakan gordea zuela, baina tarteka pulpitua joz ere, irmo mintzatu zen ekonomiaz: «Merkatuak gobernatzea erabaki behar dugu, merkatuek gu goberna ez gaitzaten».

«Espainiakoa eta Europakoa», bi agertoki ekonomiko daudela uste du Gonzalezek. «Krisitik ateratzeko biak kontuan izango dituen agintaririk ez badaukagu, gureak egin du». Alfredo Perez Rubalcaba hautagai sozialista ideia horren arabera aritzeko gai ikusten du, ministro izandako garaian agertutako «eraginkortasuna» gogora ekarrita. «Merkeli eta Sarkozyri gauzak argi esango dizkien presidente bat nahi dut».

Aldiz, PPko hautagai Mariano Raxoiren ministro garaiei erreparatuta, haren geldotasuna nabarmendu du: «Raxoik bi paper bloke zeuzkan mahaian: batean, konponbiderik ez zuten arazoak, horietaz ez kezkatzeko; eta bestean, denborak konponduko zituenak, horietaz ere ez kezkatzeko».

PP kritikatzen jarraitzeko, bera presidente izandako aldiari ere begiratu dio: «Pentsioen sistema onartu genuen, bakarrik, eskuinaren sostengurik gabe. Eskuina beste joko batean zegoen: jendearentzat gero eta okerrago, orduan eta hobeto haientzat». Garaian eraikitakoa babeste aldera, hezkuntza eta osasun arloa marra gorriak baino gehiago direla azaldu du: «Guk ez daukagu petroliorik, gure baliabide naturalak pertsonak dira. Jende prestatua eta osasuntsua behar dugu, eta horregatik, hezkuntza eta osasuna inbertsioa dira ikuspegi ekonomikotik».

Eta ironia erabili du, amaitzeko: «Eskuina blokean joango da bozkatzera, hori badakigu. Aurka bozkatzen dute, zeren Marianok bere ildoko gutxi dauzka alde». Popularrekiko zorrotzago jardun da, ordea, Patxi Lopez. Krisiaren aurka borrokatu ordez, gobernuaren aurka egitea aurpegiratu die: «Bere herriarekin hain arduragabe jokatu duenak ez du herri hori gobernatzerik merezi».

Bakegintzan ere Rubalcaba eta Raxoi ez direla berdin berretsi du: «Euskadik ez ditu giroa gaiztotzen dutenak behar, bateratzaileak baizik; askatasunaren garaia sendotzen lagunduko duen jendea behar dugu». Hartara, Rubalcaba bakea kudeatzeko «bermea» dela erantsi du.

«Bakerako botoak» ere aipatu ditu Eduardo Madinak: «Bozkatu emozioz, harrotasunez». Hain justu, etxean ez geratzeko eskatu du Lopezek: «Jatorri apalekook ez daukagu bankurik edo lobby-rik presionatzeko. Botoa da gure indar nagusia. Ez dezala inork dimititu indar horretatik». Gonzalezek gogora ekarri du, gainera, botoa emateak pertsona guztiak berdintzen dituela: «Berdin balio dute hipoteka ordaintzera heltzen ez den langile baten botoak, eta hipoteka hori ordaintzera behartzen duen bankariarenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.