Gaur amaituko da epea PSEko idazkaritza nagusirako eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako idazkaritzetarako hautagaitzak aurkezteko.
Araba
PSEko Arabako idazkaritzan Txarli Prieto ordezkatzeko prozesuan, 331 abal aurkeztu ditu Cristina Gonzalezek. Esan duenez, "historia, oraina eta etorkizuna duen proiektu sozialista bat bultzatzea da" haren asmoa.
Araban, erroldaren %15en abalak bildu behar ditu gutxienez hautagai izan nahi duen orok —113 abal—, eta aise gainditu du muga hori Gonzalezek. Orain arte bildutako abalak "boto" bihurtzeko, "ahalegina" egiteko eskatu die militanteei Gonzalezek.
Ivan Ruiz de Egilaz sektore kritikoko ordezkaria izango da Gonzalezen lehiakidea PSEko Arabako idazkari izateko bidean. Hark ere aurkeztu ditu beharrezkoak diren abalak, 192.
Bizkaia
Bizkaian, berriz, Mikel Torres Portugaleteko alkateak 1.080 abal aurkeztu ditu; herrialde horretako kideen %40 ingururenak, hain zuzen. Carlos Totorika Ermuko alkateak, Yolanda Diaz Bilboko PSEko zinegotziak eta Gorka Etxabe Portugaleteko PSEko idazkari nagusiak aurkeztu dituzte abalak. Prozesu "garden eta lasai" baten alde agertu da Torres.
Iñaki Egañak bere hautagaitza babesten duten 643 abal aurkeztu ditu. Torresek jasotako 1.080 bermeei erreferentzia eginez, esan du abalen aurkezpena "betebehar bat" dela hautagai izatea lortzeko, eta ez "test bat". Beraz, uste du kopuru horrek ez duela "ezer esan nahi".
Gipuzkoa
Iñaki Arriola da egun Gipuzkoako PSEko idazkari nagusia, eta karguan jarraitzeko babesak aurkeztu ditu: 955. PSEko herrialdeko kideen %15en babesa behar dute gutxienez hautagai izan nahi dutenek, eta Arriolak iragarria zuen abalen %58 zituela. Soilik hark aurkeztu du bere burua hautagaitzat Gipuzkoan.