Raquel Gonzalez Bizkaiko PPko buruak azaldu du datorren asteburuan Pablo Casado Alderdi Popularreko presidente berria Gasteizen egongo dela "egin beharreko lanen" inguruan hitz egiteko. EAEko PPren eta Casadoren arteko lotura "estua" dela baieztatu du. Pozik agertu da alderdiko buru berriarekin: "PP guztiari ongi irten zaigu Casadok kargua lortzea". Azaldu du alderdiaren proiektua dela garrantzitsuena, eta orain alderdiko denek egin behar dutela lan "proiektu horrek arrakasta izateko". Gonzalezen ustez, proiektu horretatik kanpo geratu behar du euskal presoen hurbilketak.
Asteburuan, datorren urte politikoa izango dute mintzagai Alderdi Popularrekoek, estatutuaren erreforma eta Polizia indarkeriaren biktimen gaia, besteak beste. Gonzalezen ustez EAEko PP ondo ordezkatuta dago alderdian, eta asteburuan ere izango du pisua. Bereziki garrantzitsua iruditzen zaio Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak estatutu berriaren oinarrien inguruan lortutako adostasunak aldatzea. Izan ere, azaldu du Kataluniak hartu zuen bide bera hartzen ari direla. Adierazi du "kalean gorrotoa" eta "kanpora doazen enpresak" daudela Katalunian, eta galdegin ea Euskal Herriarentzat hori nahi duten. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria jo du egoera horren "errudun".
EAJ, PSOE eta EH Bildu ere gogor kritikatu ditu Bizkaiko PPko buruak. Herritarren %80k ez dutela estatutu berri baten beharra ikusten azaldu du, eta ez zaiela independentzia eta herritartasunaren inguruan hitz egitea interesatzen. "EAJ EH Bilduren eskutik doa, beti joan den bezala" esan du Gonzalezek; baita Bilduk "nahi duena" lortu dezakeela ere, "bere momentua" delako. PSOE, berriz, isilik ikusten du "EAJren makila izan delako eta delako".
Pedro Sanchezen gobernuak euskal presoen hurbilketarekin hartutako jarrera kritikatu du. Esan du gerturatzerik ez dela egin behar preso horiek "kartzelan egoteko delituak" dituztelako. Jadanik euskal presoen inguruko arauak badaudela adierazi du, eta ez dela gaia gehiago "nahasi" behar. "Gustatu ala ez, legez hurbiltzea tokatzen zaienak hurbilduko dira eta ez besteak", adierazi du Gonzalezek. Eta gehitu du biktimekiko "umiliazioa" iruditzen zaiola euskal presoen gerturaketaren afera "premiazko" bihurtzea.