Aurten bai zioen Gora Iruñea plataformaren leloak, eta badirudi baietz. Aurten, besta gunea izanen du Iruñeko sanferminetan. Runa parkeko eremua lortzeko lehiaketara deitu zuen UPNren udal gobernuak, baina ez da inor aurkeztu. Azkenean, toki hori Gora Iruñeak hartuko duela dirudi. Hala esan die Fermin Alonso kultura zinegotziak oposizioko alderdiei, behinik behin. Beharrezko paperak entregatu beharko dituzte, eta bihar goizean hasiko dira azpiegiturak muntatzen. 10:00etan jarri dute lanerako ordua.
Gaur goizean hainbat herritar bildu dira Runan sanferminetarako gunea muntatzeko asmoz. Zati bat hesiz inguraturik dago, txakurrentzako txokoa baita, eta haiek kentzekotan ziren iruindarrak. Orduan, Udaltzaingoa eta Espainiako Polizia agertu dira, eta esan diete baimenik gabe ezin zutela azpiegiturarik jarri. Udaletxeko plazara abiatu dira bertan ziren herritarrak, eta Gora Iruñea plataformako bi kide udaletxean sartu dira alderdiekin hitz egiteko. Bildu eta PSNrekin egon dira, eta haiek Alonsorekin mintzatu dira. Muntatzeko baimena izanen dutela aurreratu die, baina lehiaketarako beharrezkoak diren paper guziak eraman beharko ditu jai herrikoien aldeko plataformak. Baldintzak betetzen dituela jakina da, iaz lehiaketan parte hartu baitzuten, eta baldintza horiek ez dira aldatu.