"Gora San Fermin!"

Hasi dira sanferminak Iruñean. Yolanda Barcina alkateak bota du txupinazoa. Mikel Gastesi EAE-ANVren zinegotziari begian kolpea eman diote udaltzainek, hura udaletxeko balkoi batean ikurrina jartzen saiatu denean.

2007ko uztailaren 6a
19:01
Entzun
Lehertu da jaia Iruñean. 12:00etan. Txupinazoa botata. Urtero bezala, sanfermin bezperan. Yolanda Barcina alkateak bota du suziria, “Pamploneses, pamplonesas, viva San Fermin! Gora San Fermin!” oihu eginda. Hori bai, 'badaezpada' berriro esan du "Viva"... 1999an ere bota zuen txupinazoa Barcinak, orduan ere alkate zela. Hura da frankismoaz geroztik behintzat, bi aldiz bota duen bakarra.

Eguerdiko hamabiak jo baino minutu bat lehenago hasi da, ordea, “Pamploneses…” esaten. Gelditzeko esan diote, ez zela artean garaia. Iritsi zaio garaia gero. "Gure hirian uztailaren 6an 12:00etan bizi den unea ez dut uste munduan beste inon biziko denik", esan du Barcinak ondoren, hedabideen aurrean.

Udaletxe plaza dena beteta zegoen. Nola ez! Ikurrina, Nafarroako bandera edota euskal presoen eskubideen aldeko ikurrin txikiak ikusi ahal izan dira, besteak beste.

Udaletxean, baina, ez da ikurrinik izan, udaltzainek utzi ez dutelako. Mikel Gastesi EAE-ANVren zinegotzia balkoi batean ikurrina jartzen saiatu da, baina udaltzainek eragotzi egin dute haren saioa. Begi batean, gainera, kolpea eman diote Gastesiri. "Saiatu gara herritar gehiengo baten nahaia gauzatzen, eta ikusi, ikusi da pixka bat ikurrina, baina gero udaltzainak etorri dira. Jipoituko gintuztela bagenekien aurrez. Kolpeak eman dizkidate, lepotik heldu didate...", esan du Gastesik. Begia ubeldua du eta salaketa sartu du.

Barcina, berriz, "harro" agertu da ikurrinik ez delako egon udaletxean. Alkatearen ustez, "ikurrina jarri nahi izatea, gure arauak, gure instituzioak ez errespetatzea da, sinbolo batekin Nafarroaren errealitate instituzionala aldatu nahi izatea".

Oso eguraldi ona

Primerako eguraldia dago gaur, eta horrek ere laguntzen du betiere; eguzkia, baina bero handi-handirik ez. Halakoa izango da gaurko eguna, gehienez ere 29 gradu izango dira.

Gaurtik hilaren 14ko gauera arte festa izango da nagusi Iruñean (15eko goizera arte ere…; igandea baita 15a). 400 ekitaldi ofizialetik gora antolatu dituzte, Gora Iruñea plataformak sanfermin euskaldunak antolatu ditu…

Lehen entzierroa, bihar goizean. Dolores Aguirre ganadutegiko zezenek irtengo dute, zortzietan. Udaltzainek ordubete lehenago itxiko dute entzierroaren ibilbiderako sarrera.

Pasai Antxon (Gipuzkoa) edota Lesakan (Nafarroa) ere sanferminetan daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.