Gorako joerak ez du etenik: 1.198 positibo gehiago

Datuen bilakaera ezkorra da ospitaleratzeei eta ZIUetan dauden pazienteen kopuruari begira ere

2021eko apirilaren 21a
13:32
Entzun

Atzo denera 1.198 COVID-19 positibo atzeman zituzten Hego Euskal Herriko osasun sistemek. Egindako testen %7,7 izan ziren positibo. Positiboen igoera agerikoa da bi osasun sistemek plazaratutako datuetan. Osasunbideak atzo baino 41 kasu gehiago jakinarazi ditu gaur; Osakidetzak, 223 gehiago. Herrialdeka, 445 Bizkaian izan dira, 420 Gipuzkoan, 196 Nafarroan, eta 120 Araban.

Birusari jarraipena egiteko aldagai gehienetara begiratu, eta gorako joera agerikoa da. Osakidetzak, adibidez, ZIUetan 158 ohe ditu okupatuak gaitzarekin eritutako pazienteekin; lau gehiago dira. Ospitaleratzeek ere gora egin dute egun batetik bestera: bi gehiago dira, 117 ospitaleratze egun bakar batean. Ospitaleetan «tentsio» egoeran daudela onartu zuen atzo Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik, eta onartu zuen erietxeetako zenbait jarduera bazter utzi behar izan dituztela presio horri erantzuteko. Nafarroan ere gora egin du erietxean dauden pazienteen kopuruak: 219 dira, bederatzi gehiago. Denera 126 ospitaleratze berri izan ziren atzo, asteleheneko 135 horiek baino bederatzi gutxiago. Ezinegon handia sortu zuen kopuru horrek: lehen olatuaren amaieratik ez zen horrelakorik erregistratu.

Osakidetzak eman du astean zehar izan diren heriotzen berri ere: apirilaren 12tik 18ra  guztira 32 lagun hil dira COVID-19agatik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hor ere izan da igoera: aurreko astean baino sei gehiago dira. Jaurlaritzak ez bezala, Nafarroako Gobernuak eguneko datuekin batera ematen du herrialdean gertatutako heriotzen berri. Emandako informazioaren arabera, birusarekin eri ziren bost pertsona zendu dira astebetean.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk esana du bihar da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan izurria kontrolatzeko neurriak ezartzen dituen Labi batzordearen bilera teknikoaren iradokizunak jasoko dituela, eta horren arabera erabakiko duela aholku batzordearen bilera batera deituko duen neurri gehiago ezartzeko.


 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.