«Ez dut gordetzea beste hauturik, Batasunaren baitan dudan ekimen politikoa segitu ahal izateko». Hori adierazi du Euskal Herriko Kazeta-ri eta Euskal Irratiei herenegun igorri gutunean. Kontrol judiziala bertan behera uzteko eta publikoki ez gehiago agertzeko hautua egin du Espainiaratua izan beharra den Aurore Martin zuberotarrak. «Zuei esker» eta atea ireki dioten «hainbat eta hainbat lagun eta sostengatzaileei esker» Euskal Herrian dela zehazten du.
Bere aurkako euroagindua Parisko Kasazio Gorteak onartu izanak ez duela «harritu» dio Martinek, «Espainiako eta Frantziako justizien papera erabaki politikoak aplikatzea» delako. Gehitzen du prozedura horren helburua «Batasuna eta ezker abertzale osoa behin betiko debekatzeadela, eta gehiago ere bai, hala iruditzen bazaie».
«Atsekabea, kezka, beldurra, baina ere borrokarako erabaki eta borondatearen» berri ematen du gutunean. Berari gertatzen zaionaz haratago, estradizio, euroagindu, auzitegi berezien izaera, torturaren erabilpena, alderdi politikoen debekatzea, komunikabideen hesteak, atxiloketa masiboak eta Jon Anzaren heriotza gogoan ditu, eta Euskal Herrian errepresioa «normalizatua» dela dio Martinek. Frantziako Estatua Euskal Herriko gatazkan «parte- hartzaile zuzena» dela erran, eta Euskal Herriaren izaera onartzen ez duen bitartean aterabide justurik ez dela izanen dio.
Hala eta guztiz ere, prozesu demokratikoaren aldeko engaiamendua Batasunak berresten duela zehazten du gutunean. Preso eta iheslari politikoei eta haien senideei elkartasuna adierazi die gutun bukaeran, eta haientzat ere «gogoeta» bat ukaiteko eskatzen dio jendeari.
Akitania eta Europatik ere bai
Egunez egun euroaginduaren aurkako protesta azkartuz eta zabalduz doa. Akitaniako Kontseiluak ere gaitzetsi egin du prozedura, eta mozio baten bidez estradizioa ez burutzeko eskatu dio Frantziako Gobernuari. Bestalde, hamabi eurodiputatuk ere gogorki salatu dute prozedura; «adierazpen eta iritzi askatasuna murrizteko ahaleginari atea irekitzea litzateke hau onartzea», zehaztu dute. Gehitu dute Espainiaratzea onartzea «Euskal Herriaren bake prozesua arriskuan ezartzea» dela. EAJk eta Les Alternatifs taldeak ere kasua gaitzetsi zuten atzo. Donibane Garazin elkartasunezko giza katea egin zuten atzo 150 bat lagunek. Gaur ere entzunaraziko dute desadostasuna, elkarretaratzeak egingo dituzte eta eskuorriak banatuko Donibane Garazin eta Baionan.
Gordetzeko hautua egin du Martinek, Batasunaren baitan lanean segitzeko
Akitaniako Kontseiluak Frantziari eskatu dio Martin ez Espainiaratzeko; 12 eurodiputatuk ere gaitzetsi dute euroagindua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu