Erabakiaren berri ematean, hiru boto partikular egongo direla jakinarazi zuen Auzitegi Gorenaren prentsa bulegoak. Baina gerora jakin da Sorturen erregistroa ez onartzeko erabakiarekiko desadostasuna hiru boto partikular horiek adierazten dutena baino handiagoa izan dela. Sorturi buruz ebaztean, Auzitegi Gorenaren 61eko sala bitan zatitu da: bederatzi magistratuk Fiskaltza eta Estatuaren abokatuaren tesi nagusiarekin bat egin eta debekuaren alde egin dute, eta zazpik kontra. Ondoren, gainera, hiruk adierazi dute boto partikularra idazteko asmoa. Gerta liteke boto partikular horiei beste epaile batzuk atxikitzea.
Auzitegi Goreneko 61eko salan agertu den zatiketa hori berria da. Ezker abertzalearen ilegalizazioari lotutako auzi gehienetan Auzitegi Gorenak aho batez hartu izan ditu erabakiak. Salbuespenetako bat Iniziatiba Internazionalistaren kasua izan zen. Orduan salaren gehiengoak legez kanpo uztearen alde egin bazuen ere, bost epailek kontrako iritzia agertu zuten, nahiz inor ez zen ausartu boto partikular bat idazten. Azkenean Auzitegi Konstituzionalak arrazoia eman zien epaile hauei.
Konstituzionalaren txanda
Legeztatzearen kontra Auzitegi Gorenak hartutako erabakiari helegitea jarri ahal izango dio Sortuk Auzitegi Konstituzionalean. Auzitegi Gorenaren autoa jakinarazten dioten egunetik hogei eguneko epea izango du Sortuk helegitea jartzeko, eta auziko beste aldeek –Fiskaltzak eta Estatuaren abokatuak– beste hogei eguneko epea izango lukete, jakinarazpenetik aurrera. Auzitegi Konstituzionalak lehenik helegitea tramitatzea edo ez erabaki behar du, eta onartzen badu mamiari buruz erabaki. Ez du epe zehatzik.
Sortuk orain, lehenik, 61eko salaren autoa eta boto partikularrak sakon aztertu behar ditu helegitea ongi funtsatzeko. Kontuan hartuta prozeduraren epeakez dirudi posible denik helegitea argitzea maiatzeko hauteskundeetan aurkeztu ahal izateko aukerarekin. Hauteskunde deialdia datorren astelehenean, 28an, egingo du Espainiako Gobernuak eta bederatzi egunen epean alderdiek, koalizioek edo plataformek ordezkariak izendatu behar dituzte hauteskunde batzordean. Beraz, litekeena da Konstituzionalak bozen ostean erabakitzea.
Gorena, bitan zatituta: 9-7
Bi botorengatik erabaki du Auzitegi Gorenak ez onartzea Sorturen legeztatzea. Bederatzik Fiskaltzaren eta estatuaren tesien alde egin dute, zazpik kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu