auzitegiak

Gorenak absolbitu egin du Garzon frankismoko ikerketengatik

6-1 izan da epaileen bozketa. Ikerketekin trantsizioaren "zilegitasuna" ezbaian jarri izana egotzi diote. Akusazioak 20 urteko inhabilitazioa eskatu zuen. Auzitegi berak Garzon 11 urtean epaile izateko gaitasunik gabe utzi zuen orain egun batzuk, 'Gurtel auziagatik'.

2012ko otsailaren 27a
19:07
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak Baltasar Garzon instrukzio epailea absolbitu egin du frankismoko ikerketengatik, gaur eguerdian jakin denez. Sei epaile absoluzioaren alde azaldu dira, bat kontra —Jose Manuel Maza—. Ikerketa hasteko era "akatsa" izan dela diote epaileek, Espainiako trantsizioaren "zilegitasuna" ezbaian jarri izana egotzi diote, baina ez diote zigorrik jarri. "Egia bilatzeko helburua zilegi eta beharrezkoa da. Estatuari dagokio hori egitea, bere organuen bidez eta, batez ere, historiagileen bidez, baina ez instrukzio epaileari". Epaia parteei 13:30ean eman diete.

Maza epailearen arabera, "boterearen gehiegizko erabilera" egin zuen Garzonek ikerketak hastean, "bere intentzio propioen zerbitzura". Boto partikularra eman du.

Manos Limpias eskuin muturreko sindikatuak prebarikazioa egotzi zion Garzoni, besteak bertze, diktadura ondoko Amnistiaren Legea hautsi zuelakoan, eta duela aste batzuk egin zuten epaiketa. Akusazioak 20 urteko inhabilitazioa eskatu zuen; aldiz, kasua artxibatzeko eskatu zuten Garzonen abokatuak eta fiskalak. Auzia epaiaren zain geratu zen otsailaren 8an.

"Ahanzturaren kontra egin nuen, eta lasai daukat kontzientzia", zioen epaileak epaiketako azken egunean. Halaber, esan zuen zilegitasuna zuelakoan hasi zuela ikerketa.

Gorenak berak 11 urtean epaile izateko gaitasunik gabe utzi zuen hilaren 9an Garzon, Gurtel auzian entzuketak agintzeagatik. 56 urte ditu epaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.