cabieces auzia

Gorenak berretsi egin du 'Kutxabank auziko' zigor epaia

Horrez gain, Mario Fernandezi inhabilitazioa ezarri dio. Mikel Cabiecesi urtebeteko kartzela jarri zion Bizkaiko Auzitegiak, iaz.

Mikel Cabieces Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohia, Rafael Alkorta abokatua eta Mario Fernandez Kutxabankeko presidente ohia, iazko otsailean, Bilbon, epaiketan. LUIS JAUREGIALTZO, ARGAZKI PRESS
2018ko otsailaren 21a
11:16
Entzun

Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin du Bizkaiko Auzitegiak Kutxabank auzian ezarritako zigorrak, eta, horrez gain, Mario Fernandez Kutxabank-eko presidente ohiari sozietate elkarteak eta komertzializatzeko inhabilitazioa jarri dio. Halaber, Fernandezek, Mikel Cabiecesek eta Rafael Alkortak aurkeztutako helegite denak baztertu egin ditu.

Bizkaiko Probintzia Auzitegiko 6. atalak iazko martxoan eman zuen epaia: seina hilabeteko kartzela zigorra eta 4.500 euroko osuna Fernandezentzat eta Alkorta abokatuarentzat, bere garaian Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari ohi Cabiecesi modu irregularrean ordaintzeagatik 243.592 euro; "dirua bidegabe erabiltzea" egotzi zien. Bizkaiko Auzitegiak Cabiecesi urtebeteko kondena ezarri zion iaz, eta 9.000 euroko zigorra. Joan den urteko otsailean izan zen epaiketa, Bilbon.

2012ko hasieran, Cabiecesek Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren ardura utzi eta gutxira, bi alderditako "goi mailako politikariek" telefonoz deitu zioten Mario Fernandez Kutxabankeko orduko presidenteari, eta Cabiecesentzat "lan irteera bat" bilatzeko eskatu zioten. Baina Kutxabankek Cabieces zuzenean kontratatzeari egoki iritzi ez eta Rafael Alkorta abokatuaren bulegora jo zuten. Kutxabankentzat aholkularitza lanak egiten zituen Alkortaren bulegoak. Cabieces hasi zen hilero Alkortaren bulegotik diru sariak kobratzen, eta bulegoak horren fakturak igortzen zizkion Kutxabanki, Cabiecesek bankuarentzat egindako lanak balira bezala.

Fernandezek "erabateko errespetua" agertu dio Gorenaren epaiari, baina ez da batere ados azaldu bere helegiteak ez aintzat hartzeagatik. Sententziaren berri izan ostean, dimisioa aurkeztu du Repsoleko kontseilari gisa —2011tik zegoen karguan—. Repsolek haren "kategoria profesionala eta pertsonala" laudatu ditu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.