Espainiako Auzitegi Goreneko Zigor Salak baliogabetu egin du Auzitegi Nazionalak Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxebarria ezarritako hamabost urteko kartzela zigorra, torturak ez ikertzeagatik, auzitegietako iturriak aipatuz Europa Press berri agentziak esan duenez.
2006ko urtarrilean Bilboko Santutxu auzoko INEMeko bulego bati eraso egitea egotzita zigortu zituzten. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak joan den urriaren 24an Espainiako Estatua zigortu zuen Etxebarriaren eta Oihan Ataunen tortura salaketak ez ikertzeagatik, eta Gorena horretan oinarritu da, eta epaiketa errepikatzea eskatu dio Auzitegi Nazionalari. Gorenak onartu egin du defentsak jarritako helegitea, Salak ez baitzituen onartu torturen salaketen inguruan adituek egin beharreko proba psikologikoak.
Guardia Zibilak atxilotu zituen Etxebarria eta Zapirain, 2011ko martxoan, Bilbon, ETAko kidetzat jota. Epaiketa prozesuan Zapirainek eta Etxeberriak ukatu egin zituzten lehenago Guardia Zibilari emandako adierazpen inkriminatzaileak, adierazpen horiek torturapean egin zituztela argudiatuta. Hala jakinarazi zieten Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeko kideei, kartzelan bisitatu zituztenean.
Europak zortzi aldiz zigortu du Espainia torturak ez ikertzeagatik; zazpi kasu euskal herritarrei buruzkoak dira.
Etxebarriaren kasuan Estrasburgok 29.000 euroko diru-ordaina ematera zigortu zuen Madril, “ikerketa sakon eta eraginkorrik ez egiteagatik”; Etxebarriak salatu zuen tratu txarrak jaso zituela eta bortxatua izan zela Guardia Zibilak inkomunikatua izan zuen denboran.
Sortuk esan du "torturapean espetxeratuak izan diren euskal preso politikoen espetxe zigorrak berrikusi" egin behar direla.