Legez kanporatzeak

Gorenak etzi aztertuko ditu EAE-ANV eta EHAKri buruzko behin-behineko neurriak

Bi alderdi haiek legez kanpo utzi aurretik, haien finantzaketa publikoa bertan behera uzteko, jardun politikoa debekatzeko, egoitzak ixteko, diru kontu guztiak bahitzeko eta hauteskundeetara aurkeztea debekatzeko eskatu dute Espainiako Estatuko Abokatuak eta Fiskaltzak.

2008ko urtarrilaren 30a
17:49
Entzun
Gaur arratsaldean jakin denez, Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko Sala ostiral honetan bilduko da Estatuko Abokatuak EAE-ANVz eta EHAKz eta Fiskaltzak EHAKz eskatutako behin-behineko neurriak aztertzeko.

Estatuko Abokatuak gaur, Alderdien Legean oinarrituta, EAE-ANV eta EHAKren finantzaketa publikoa bertan behera uzteko eskatu dio Gorenari, baita diru kontuak bahitzeko ere. Behin-behinean jarduera politikoa eteteko, Espainiako hauteskundeetara aurkeztea debekatzeko edo haien zerrendak baliogabetzeko ere galdegin dio.

Fiskaltzak, berriz, atzo egin zion eskaera EHAKz. Hain zuzen, alderdi horren legez kanporatzearen ondorio liratekeen neurriak ezer epaitu aurretik hartzeko eskatu dio, badaezpadako neurri gisa: jardun politikoa debekatzeko, egoitzak ixteko, diru kontu guztiak bahitzeko eta hauteskundeetara aurkeztea debekatzeko.

EHAK-k eta EAE-ANVk "diru publikotik pezeta bat bera ere" jaso ez dezaten galdegitea "arrazoizkoa" da Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroaren ustez. Alde batetik, Alderdien Legeak eskumen hori ematen diolako Barne Ministerioari, eta, bestetik, alderdiok debekatzeko eskakizunarekin bat datorrelako. "Espero dugun bezala Auzitegi Gorenak bi alderdi hauek ilegal izendatzen baditu, legez kanpoko erakundeek baliabide publikorik eduki dezaten ekidin behar da Administraziotik", esan zuen atzo Rubalcabak.

Estatuko Abokatuak gaur eskatu du ANV eta EHAK legez kanpo uzteko

Joaquin de Fuentes Bardaji Espainiako Estatuko Abokatuak gaur eskatu du Auzitegi Gorenean EAE-ANV eta EHAK alderdiak legez kanpo uzteko. Gobernuko Ministroen Kontseiluak lehengo ostiralean eman zion baimena horretarako, eta gaur 13:45ean egin du eskaera. Fiskaltzak atzo eskatu zuen EHAK ilegalizatzeko; EAE-ANVri buruzko eskaerak hurrengo astean egin ditzake.

De Fuentesen ustez, bi alderdiok "Batasuna legez kanpoko alderdiaren jarraipena" dira "antolakuntzan, eta arlo politikoan eta ekonomikoan". Batasunak EHAK 2005eko EAEko hauteskundeetatik "erabili" egin du, De Fuentesek dioenez, eta EAE-ANV 2007ko udal eta foru bozetatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.