bateragune auzia

Gorenak gaur ez du hartuko 'Bateraguneko' erabakia

Epaileak hasi dira Otegi, Diez, Jacinto, Rodriguez eta Zabaletaren zigor epaia aztertzen, defentsak presoak aske uzteko eta Fiskaltzak zigorra berresteko eskatu ondoren. Hurrengo egunetan jarraituko dute deliberatzen. Bi ordu eta erdiko auzi saioa egin dute goizean. 

Pello Urzelai (Madril)
2012ko martxoaren 28a
18:37
Entzun

Juan Saavedra, Jose Manuel Maza, Juan Ramon Berdugo, Alberto Jorge Barreiro eta Miguel Colmenero Espainiako Auzitegi Goreneko magistratuek gaur ez dute hartuko Bateragune auziari buruzko erabakia, auzitegiko iturri ofizialek ia hirurak zirela jakinarazi dutenez. Defentsaren helegiteak aztertzeko auzi-saioa amaitutakoan, Auzitegi Goreneko tribunaleko magistratuak ordubatak aldera hasi dira goizeko auzi saioko arrazoi eta eskaerak aztertzen, eta hurrengo egunetan segituko dute eginkizun berean —ez dute zehaztu noiz bilduko diren berriro—.
Defentsek Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaleta presoak aske uzteko eskatu dute eta Fiskaltzak eta herri akusazioak, aldiz, Auzitegi Nazionalaren zigorrak berresteko. Bi ordu eta erdiko saioa izan da, 10:45etik aurrera.


Defentsa abokatuen arrazoiak
Auzitegi Goreneko bigarren aretoko tribunalak arretaz entzun ditu defentsen hitzaldiak. Abokatuok helegitearen defentsa egin dute, puntu nagusiak banan-banan nabarmenduz. Akusazioaren eta errugabetasun printzipioak urratu zirela argudiatu dute. Halaber, tribunalaren inpartzialtasuna argudiatu du Otegiren defentsak. Ordezko gisa, zigor tipoa ezartzeko prozedura ere salatu dute.


Epaiaren ageriko kontraesana azpimarratu dute defentsek. Akusazioek Bateraguneko kide izatea egotzi zieten Otegiri-eta, eta horren bidez ETAren aginduak betetzea. Epaiak, ordea, onartzen du ez zela frogatu akusatuak Bateraguneko kide zirenik. Hala ere, koordinazio gune batean aritzeagatik zigortu zituen. Iruinek esan du akusaziorako zehaztutako gertaerak ezin direla epaian funtsean aldatu, eta kasu honetan hori gertatu dela.
Hain zuzen, Bateragunen parte hartzea akusazioaren erdigunea zen, Iruinen ustez. Izan ere, akusazioaren idatziaren heren bat horri buruzkoa zen. Epaian Bateraguneren existentzia onartzen da, Ekinekin lotutako egitura gisa, baina akusatuak gune horretan parte hartu izana ez dela frogatu baieztatzen da. Iruinek gogoratu du akusazioen idatzietan koordinazio gune bat baino ez aipatzen, hau da, koordinazio gunea bakarra dela. “Ez daude bi koordinazio gune”. Horregatik, akusatuei Bateragune ez den koordinazio gune batean aritzea leporatuz, epaiak “funtsean aldatu egin du akusazioa. Akusazioentzat existitzen ez den gune bateko kidetzat jotzen dira epaian. Epaiak ex novo sortu du akusazioan ez zegoen organu bat, kausan horren frogarik ez zegoen organu bat”. Jone Goirizelaia eta Kepa Landa defentsa abokatuek bat egin dute argudiatzeko ildo horrekin. Otegiren kasuan, Goirizelaiak nabarmendu du epaiketan ez zela ageri elementurik ETArekin lotzeko. Epaiak Jokin Etxebarriarekin izandako topaketarekin egiten du lotura hori, eta Goirizelaiak gogoratu du Poliziaren perituak onartu zuen lotura hori egiteko oinarririk ez zegoela. Kepa Landak agerian utzi du epaian ez dagoela arrazoibide logikorik. Epaiak dio ETA saiatu zela Mugarri txostena eztabaidan sartzen. Horrek esan nahi du akusatuek bultzatzen zutena ez zela ETAk nahi zuena, Kepa Landak azaldu duenez. Halaber, epaiak dio toki batean Zutik Euskal Herria agirian borroka armatuaren erabilera ez zela baztertu. Eta pixka bat aurreratu jasotzen du adierazpen horren arabera prozesua “inongo indarkeriarik gabe” egin behar zela.
Helegitearen bigarren motibo nagusia, errugabetasun ustearen printzipioa urratu izana da. Auzitegi Nazionalak froga zuzenik ezean zantzu bidezko frogan oinarritu zuen zigor epaia. Defentsen ustez, zantzu bidezko froga horrek ez ditu betetzen Gorenaren jurisprudentziaren araberako gutxienekoak. Batetik, Angela Murillo buru zuen epaimahaiak ez zuelako azaldu zantzu bidezko frogaren arrazoibidea. “Ez dago inferentzia juiziorik, ez dago azalduta nola pasatzen den oinarrizko gertaeratik ondoriora”, adierazi du Iruinek. Epaiaren egiturari so eginez, argi ikusten da, Iruinek gogorarazi duenez, aipatutako hutsune hori, gertaerak zerrendatzetik zigorrak zehaztera pasatzen delako, batetik bestera nola iristen den argudiatu gabe.


Bestetik, zigortzeko erabilitako zantzuak guztiz frogatuta ez direla gelditu azaldu dute defentsek. Alderantziz baizik. Zantzu batzuk epaiketan gezurtatu zirela eta beste batzuk kontrazantzuen bidez indargabetu zirela ekarri dute gogora. LABen egoitzan izandako bilerek inkriminatzeko izaerarik ez dutela esan dute defentsek. Iparraldera egindako bidaiak “ETAren inguruarekin” biltzeko izan zirela ez dela frogatu argudiatu dute. Are gehiago, abokatuok adierazi dute epaiaren toki batean “ezker abertzalearen inguruarekin” bildu zirela esaten dela, eta beste batean “ETAren inguruarekin” batu zirela. Dokumentuen arteko lotura —beste zantzuetako bat—, “logikarik gabeko eta zentzurik gabeko inferentzien bidez” egina dagoela argudiatu du Iruinek.

Jone Goirizelaia abokatuak inpartzialtasuna urratu izana argudiatu du. Goirizelaiaren ustez, ez du balio esatea aurreko kasua –Auzitegi Gorenak Angela Murilloren epaia baliogabetu zuenekoa- eta oraingoa diferenteak direla, Otegi delitu ezberdinengatik epaitua izan zelako. Bi kasuetan inpartzialtasunaren auzia gaitzespenaren inguruan planteatzen delako, ETAko kide izatearen delituarekin lotuta.Helegitean aurkeztutako beste arrazoibide bat lekuko froga bat atzera bota izana izan da. “Froga erabat lotuta zegoen auziarekin eta garrantzitsua zen defentsarentzat”, argudiatu du Goirizelaiak.

Hamar urteko kartzela Otegi eta Diezek, zortzikoa Jacinto, Rodriguez eta Zabaletak
"Edozer gauza gertatzen dela ere, inork ez dezala utzi hasi dugun bidea". Otegiren hitzekin amaitu zen iazko uztailaren 7an Bateragune auziko epaiketa Auzitegi Nazionalean. Zigorra etorriko zitzaiela susmoa zuten auzipetuek, eta halaxe izan zen haietako bostentzat. Epaia irailaren 16an jakin zen: hamarna urteko espetxe zigorra Otegi eta Diezentzat; zortzina urtekoa Jacinto, Rodriguez eta Zabaletarentzat; eta absoluzioa, Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serrarentzat.
Bi hilabete geroago, azaroaren 16an, bost presoen defentsek kasazio helegitea aurkeztu zuten Auzitegi Gorenean, epaia baliogabetzeko eskaera eginez. 2009ko urriaren 13an izan zen polizia operazioa.

Otegiren kasua
Auzitegi Goreneko tribunalaren erabakia azkar espero da, dagoeneko deliberazioa hasita daukalako. Erabakia akusatuen aldekoa izango balitz azkarrago jakinaraziko litzateke preso daudelako eta askatasuna ekarriko lukeelako. Arnaldo Otegireren kasuan, askatasunaz gain, datozen hauteskunde autonomikoetan hautagaia izateko aukera dago jokoan. Baliteke Bateragune auzian erregabetua izan arren, ezin aurkeztea Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara, Argalaren omenaldian parte hartzeagatik Auzitegi Gorenak 2007an ezarritako inhabilitazio zigorra indarrean egongo zelako. Auzitegi Nazionalak 2006ko apirilaren 27an urtebeteko zigorra –bete beharko ez lukeena- eta zazpi urte eta hiru hilabeteko inhabilitazioa ezarri zion. Auzitegi Gorenak 2007ko ekainaren 22an berretsi zuen zigorra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.