Politika

Gorenak gaur ez du hartuko Otegiri buruzko erabakirik

Bihar jarraituko du auzia aztertzen. Eguerdian bukatu da Auzitegi Gorenean ezker abertzaleko buruzagiaren kontrako auzi saioa. Duela lau urte 'Argala' zenari egindako omenaldi batean "terrorismoa goratzea" egotzi eta 15 hilabeteko zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak. Defentsak esan du Otegi delako zigortu nahi dutela.

2007ko ekainaren 7a
18:03
Entzun
2003an Jose Miguel Beñaran Argala-ren omenaldia parte hartzeagatik Espainiako Auzitegi Nazionalak Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiari ezarri zion zigorra aztertu du gaur Auzitegi Gorenak; 10:50ean hasi da saioa eta 12:30ean bukatu. Epaileen erabakiaren zain geratu da Otegi, baina Gorenak 14:00ak pasatxo zirela esan du gaur ez dutela erabakirik hartuko. Bihar jarraituko du aztertzen.

Argalaren heriotzaren 25. urteurrenean egin zioten omenaldian parte hartzeagatik "terrorismoa goratzea" egotzi zion Auzitegi Nazionalak, eta 15 hilabeteko espetxe zigorra ezarri. Zigorraren aurkako helegitea aurkeztu zuen Otegik, eta epaia berretsi edo defentsaren eskea ontzat emanda zigorgabetzea aztertu du Gorenak gaur.

Jone Goirizelaia defentsa abokatuak auzi saioan esan du Otegik ez zuela Argalaren omenaldian deliturik egin, "ez zuelako ETAren indarkeria goraipatu; adierazpen politikoak egin zituen, hauteskunde kanpainaren baitan", eta aske uztea eskatu du. Otegi zigortzen badute, "Otegi izateagatik" zigortuko dutela azpimarratu du Goirizelaiak.

Gorenak zigorra berrestea erabakiko balu, Auzitegi Nazionalaren esku geratuko litzateke ezker abertzaleko buruzagia espetxeratu edo ez erabakitzea. Bi urtetik beherako zigorretan, epaitua ez espetxeratzeko aukera ematen du legeak, baina Otegik badu beste 15 hilabeteko zigorra Espainiako Erregeari "irain" egitea leporatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.